2019-05-21 15:38
DHL-Agurain enpresa batzordeak lau orduko lanuzteak egiteko deia zabaldu du maiatzaren 20, 21 eta 22 egunetan, eta greba mugagaberako deia maiatzaren 23tik aurrera. Plantillan 110 langile inguru daude, eta horietatik 80 bat lantokiko hitzarmen kolektiboak hartzen ditu eraginpean. Aguraingo DHL logistika-zentroak Eroskirentzat eta Legazpiko Bellotarentzat egiten ditu lanak.

Greba-deialdia egin baino lehen zortzi hilabeteko negoziazioak  izan dira, baita dozena bat bilera ere. Hitzarmenaren indarraldia 2017ko abenduaren 31n agortu zen, eta enpresako zuzendaritzaren asmoa lantokiko hitzarmena edukirik gabe uztea da, salgaien garraioko probintzia hitzarmenaren soldata-igoerei lotzeko, hain zuzen ere. Gainera, enpresako zuzendaritzak soldata-eskala bikoitzari eutsi nahi dio. Hori horrela, lan berdinak egiten dituzten langile batzuek 3.000 euro gutxiago kobratzen dute behin-behinekoak izateagatik edo hitzarmena sinatu ostean plantillan sartzeagatik.

Bestalde, enpresako zuzendaritza iruzurrez baliatzen da behin-behineko kontratuez eta ABLE/ETTez; hala egiaztatu eta jaso zuen Lan Ikuskaritzak txosten batean, eta isuna jarri zion enpresari arrazoi horregatik. Izan ere, egunean 30 langile baino gehiago kontratatzen dira han ABLE/ETTen bitartez. Enpresa batzordeak beste salaketa bat jarri du Lan Ikuskaritzan, eta ebazpenaren zain dago. Enpresak, bere aldetik, ez du gai horretaz aritu nahi hitzarmenaren negoziazioetan.

DHL-Aguraingo enpresa batzordearen eta langileen oinarrizko eskakizunak hauek dira: lanaldia murriztea; soldata-igoerak KPIari lotzea; soldata-eskala bikoitza ezabatzea; eta kontratu mugagabeak egitea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.