2019-09-02 15:33
Berako Recacor enpresako langile baten heriotza dela eta, enpresei langileen segurtasuna bermatzeko eskatu, eta azpikontratazioaren gaineko kontrol publikoa areagotzeko exijitzen du ELAk.

ELAk jakin ahal izan duenez, joan den abuztuaren 30ean Berako Recacor enpresako langile bat hilik suertatu zen, Lezoko Ipintza industriagunean Grúas Kuluxka enpresarentzat konpontze-lanetan ari zela. Lehenik eta behin, ELAk bere babes eta elkartasun osoa agertu nahi die hildakoaren senitarteko eta lagunei, eta ahal bezain azkar ikerketa sakona egin dezaten exijitzen die Osalan eta Laneko Ikuskaritzari, istripuaren nondik-norakoak eta ardurak argitzeko.

ELAk laneko ezbeharren atzean patronalaren diru-gosea eta erakunde publikoen utzikeria daudela oroitarazi nahi du. Enpresek irabazi ekonomikoak eta produktibitatea lehenesten dituzte langileen segurtasun baldintzen gainetik, eta horren ondorioz azpikontratazio kateak, gehiegizko lan-erritmoak eta prekaritatea agertzen dira. Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak beste aldera begiratu eta enpresetan laneko segurtasun eta osasun arloan ematen diren ez-betetzeen jarraipena egiteko baliabide nahikorik bideratu gabe jarraitzen du.

Horregatik, Euskal Herriko gehiengo sindikalak irailaren 3an 11:30tan Ipintza industriaguneko (Lezo) sarrerako errotondan deitutako protesta elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen du ELAk.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.