2020-06-08 17:32
Iñigo Urkullu lehendakariak "elkartasuna" eskatu die euskal funtzionarioei, lanpostua "bermatuta" dutelako eta langile pribatuekiko "arrakala" dagoelako. Adierazpen horien aurrean, ELAk eta LABek gutun bat bidali diote gezurretan aritzea leporatuta. Gutun horretan, Lakuako plantillako langileen % 60 aldi baterakoak direla gogorarazi diote, eta salatu dute, beste behin ere, sektore publikoko langileak kolektibo pribilegiatu gisa aurkezten dituela herritarren aurrean. "Nazkatuta gaude jokabide maltzur horrekin, eta erantzuteko unea iritsi zaigu", azpimarratu dute bi sindikatuek.

Gure pazientzia agortu da, Lehendakari jauna.

Herri-langileon izen ona auzitan jarri duzu publikoki “solidarioak” izan behar dugula adieraziz, eta “arrakala handi bat dagoela alor pribatuarekiko, lanpostu eta soldata seguruak” dauzkagulako.
Batetik, gezurra esan duzu. Eta bestetik, beste herritarren aurrean pribilegiatu gisa aurkeztu nahi izan gaituzue beste behin ere lotsagabe. Nazkatuta gaude jokabide maltzur horrekin, eta erantzuteko garaia heldu zaigu.

 

Administrazio Orokorreko gehienak langile prekarioak gara.
Ondo dakizun legez, Lakuan bertan langileen %60 aldi baterakoak baikara.
Eta oso ondo dakizu, zeu ere prekarietate horren erantzule baitzara.
Administrazio honetako plantillako langile gehienek ez dauzkagu “soldata eta lanpostu segururik”, erdiak baino gehiago bitartekoak edo aldi baterakoak baikara. Eta zer esan, plantillakoak ez diren baina Administrazioarentzat lan egiten duten milaka langile azpikontratatuez!
Gehiago edo gutxiago, prekarioak gara zure aginduetara dihardugun langile gehien-gehienok.

 

Agintariok eragin duzue orain “salatzen” duzuen arrakala.
Ez dago alor pribatura begira jarri beharrik. Arrakala bat baino gehiago dago zure menpeko Administrazioaren barruan ere: plantillako langile finkoen eta ez finkoen artekoa, batetik, eta sakonena, plantillako eta azpikontratatutako langileen artekoa bestetik, generoari dagokiona edota hizkuntzari dagokiona ahaztu gabe. Eta arrakala horien egileak zuek zarete, agintariok. Horregatik ere, onartezina da “publikoaren eta pribatuaren” artean irudikatu eta hedatu nahi duzuen ezberdintasun hori. Onartezina, maltzurra eta abusuzkoa, hedabide boteretsuenen laguntzaz zabaltzen baituzue toxikazio kanpaina hori aldiro-aldiro.

 

Solidarioak izan behar dugula diozu, daukanak ez daukanari eman behar diola iradokiz horrela.
Azpikontratatuok izan behar dugu solidario? Bitartekook? Aldibaterakook? Finkook? Denek?
Zer soldata daukagun ere? Eros-ahalmenaren %15 kendu eta gero ere bai? Itzarriko kenketak egin eta gero?
Zeuk esango diguzu nola eta nora bideratu behar dugu gure “elkartasuna”?
AHT, Donostiako Metroa, Supersur, Itsasadarraren azpiko tuneltzarra edo Erraustegiak bezako azpiegitura handiak lehenestera? Horiek baitira zure gobernuak seinalatu dituen “erabateko lehentasuneko lanak” baita krisialdirik larrienean ere!

 

Administrazio orokorrean bertan baduzue “elkartasunez” jokatzeko aukera, Lehendakari
Trabak jarri ordez, lana eta bizitza kontziliatzea erraztuz adibidez.
Plantillan sartuz baldintza negargarrietan azpikontratatuta dauzkazuen milaka langileak.
Kontsolidatuz lanpostu estrukturaletan dihardugun milaka eta milaka plantillako langile ez-finkoak.
Administrazioan bertan egin beharko liratekeen hainbeste eta hainbeste lan, ez pribatizatuz (zerbitzua eta langileen lan-baldintzak kaltetuz).
Herritarron diruak, bizitza eta zaintza ardatzean jarrita kudeatuz…

 

Jokatu zuek elkartasunez eta zintzo, behingoz!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.