2023-06-02 09:07
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dutenez, langabezia datuak hobera joan arren, alde handia dago Europako batez bestekoarekin.

Aurreko hilean 1.558 langabe gutxiago erregistratu ziren HEHan. Lurraldeka, Nafarroan 832 langabe gutxiago izan ziren, eta EAEn, berriz, 726 gutxiago. Emakumeei dagokienez, azken hiru hilabeteetan langabeziak behera egin zuen arren, emakume langabeen ehunekoa % 58,7ra igo zen, hau da, 23.843 emakume gehiago egon ziren egoera horretan gizonak baino. Bestalde, gazteek emaitza negatiboa izan zuten, 167 langabe gehiago izan baitziren.

Europarekin alderatuta, HEHan langabezia tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du. Hego Euskal Herrian, tasa %10,1ekoa izan den bitartean, Europar Batasuneko batez bestekoa % 6koa izan da apirilean.

Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin behinekotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen % 74 aldi baterakoak izan dira.

Langabeziaren bilakaera ez da txarra izan hilabete honetan, Europa osoan bezala. Hala ere, gure lurraldean egoera Europan baino askoz ere okerragoa da. Bestalde, gogora dezagun ziurgabetasun egoeran gaudela, eta aurreikuspen negatiboak ditugula datozen hilabeteetarako, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izango duela enpleguan. Beraz, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.