EAEko hiru espetxeetan eta Aukerak Gizarteratze Elkargoan ELAk deitutako asteko lehen lanuzte eguna arrakastatsua izan da, nahiz eta gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri diren. Langileentzat funtsezkoak diren gaiei buruz Euskal Administrazioarekin benetako negoziaziorik ez dagoela salatu du sindikatuak. 295 lanpostu bete gabe jarraitzen dute, nahiz eta preso kopurua % 40 igo den eta lan-baldintzak okertu diren, azaldu du ELAk.
Espetxeen Euskal Eredu bat abian jartzeko orduan Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du ELAk. Lan baldintza egokiak, sistema gizatiarragoa, euskalduna eta presoen gizarteratzea helburu duen eredua aldarrikatu du sindikatuak azken sei urteetan. Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik lau urte igaro ondoren, ereduaren zehaztugabetasun kezkagarria, barne biztanleria kopuru handia, langile falta eta lan-baldintzen narriadura salatu ditu ELAk. Honek guztiak birgizarteratzea eragozten duela eta langileen eta presoen segurtasuna arriskuan jartzen duela ohartarazi du.
ELAk giza baliabide eta baliabide material egokiak eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari, bai eta premien araberako azpiegitura batzuk ere, araubide arrunteko betetze-zentroak eta araubide irekiko gizarteratze-zentroak izatea lurralde historiko bakoitzean.
Gainera, onartutako lanpostuak modu eraginkorrean betetzea, osagarri berezi bat ezartzea, kolektiboaren osasuna errespetatuko duten baldintzak eta ordutegiak eta laneko osasun eta prebentzio politika abian jartzea aldarrikatzen ditu ELAk, besteak beste; horretarako, Eusko Jaurlaritzari negoziatzeko dei egiten dio.
Asteko lehen lanuztearen jarraipena esanguratsua izan da EAEko hiru espetxeetan, eta elkarretaratzea egin da Basauriko espetxearen aurrean. Segurtasun Sailaren itxikeriaren aurrean ELAk egunero hiru orduko lanuzteekin jarraituko du, 13:00etatik 16:00etara, ekainaren 15era arte.