2019-04-26 12:08
Urtero bi mila hildako baino gehiago eragiten dituztela lantokietako substantzia kantzerigenoek Euskal Herrian, salatu du ELAk Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan. Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, laneko ezbehar traumatikoek hiltzen duten langile bakoitzeko 35 hiltzen dituzte gaixotasun profesionalek. Ehundaka ordezkarik parte hartu dute Bilbo eta Iruñean ELAk deitutako manifestazioetan.

Zortzi substantzia kantzerigenorekiko esposizioa mugatzea erabaki zuen Europar Batasunak (EB) 2018ko urriaren 11n. Honenbestez, muga berriak ezarri zizkien europar araudiak lehendik ipiniak zituenei. Behin-behinekoa da Batzorde Parlamentarioaren eta Europako Kontseiluaren arteko erabakia, eta ministroek zein Europako Legebiltzarreko osoko bilkurak berretsi behar dute indarrean sar dadin.

Milaka hildako eragiten dituzte lantokietako substantzia kantzerigenoek Europa osoan, Euskal Herria ere barne dela, jakina. Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, laneko ezbehar traumatikoek hiltzen duten langile bakoitzeko 35 hiltzen dituzte gaixotasun profesionalek. Datu izugarri horiek adierazten digutenez, 2.300 langile hil ziren 2018an Euskal Herrian gaixotasun profesionalen eraginez.

Laneko Osasunaren arloko arduradun den Pello Igeregik adierazi duenez, hau da ELAren helburua gai honi dagokionez: bitarteko gehiago jartzea arazoari aurre egiteko. “Aldatzekoa da, aurten, produktu kantzerigenoei buruzko europar araudia, eta argi askoa da gure aldarrikapena: ez da erabili behar horrelako produkturik enpresa bakar batean ere. Kontua ez da zer plus edo konpentsazio eman behar zaien produktu horiekin lan egiten dutenei. Ez. Kontua da araudi berriak laguntzea gure enpresetan produktu kantzerigenorik erabil ez dadin. Izan ere, ez dago inoren giza bizitza konpentsatzeko adina dirurik”

Igeregik azaldu duenez, prekarietatearekin ere lotura estua du arazo horrek. “Produktu toxikoen lan egitea prekarietatearen beste ondorioetako bat da. Ez dezagun ahantzi, bestalde, produktu horiekin jarduten direnek ez dutela jasotzen, kasu askotan, behar den trebakuntza". Era honetan, salatu du "prekarietatearen aldeko apustua berresten duen patronal honekin erabateko konplizitatea mantentzen duten artean lantokietan ematen diren hildakoen gaia ez da konponduko". Patronal horri aurre egitea exijitu dio Eusko Jaurlaritzari.

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.