2020-05-08 11:47
ELAk salatu duenez, Lanbideko zuzendaritzak "ahalik eta lasterren 'normaltasun' egoera batera iritsi nahi du, nahiz eta horrek segurtasunik gabe hastea eta langileen osasuna arriskuan jartzea ekarri". Aurretik ere salatu duenez, sindikatuak uste du lehentasuna eman behar zaiola langileen osasunari, lana aurrez aurre egiteko betebeharrari baino, eta, horregatik, Madrildik planteatutako jarraibideek ezartzen duten bezala, telelanaren aukera lehenestea proposatu du.

ELAk Lanbideren erabakia salatu du; izan ere, maiatzaren 11tik aurrera lanpostuetara pixkanaka itzultzen hastea eta ekainaren 1ean aldez aurreko hitzordua duten bulegoetan jendea artatu ahal izatea planteatu du. Erabakia maiatzaren 7an jakinarazi zuten, bezperan premiazko bilera bat deitu ondoren.

"Ulertezina da Lanbideko langileak maiatzaren 11n bulegora itzultzera behartzea, ekainera arte jendaurreko zerbitzua eskainiko ez bada. Lanbideko langileek ez dute "egokitzeko aldirik" behar, eta orain arte erakutsi duten bezala, telelanean erantzun diete beren lanpostuetako eskakizunei.

Plantilla aurrez aurreko lanera itzuli aurretik, ELAk ezinbestekotzat jotzen du:

  • Lanpostu bakoitzeko protokoloak eta norbera babesteko ekipamenduak aztertzea.
  • Langile bakoitzari jakinaraztea, gutxienez 72 ordu lehenago, aurrez aurreko lan-eskakizuna, jarraitu beharko dituen segurtasun-protokoloak eta lana egiteko izango dituen norbera babesteko ekipamenduak.
  • Bulegoetako pertsonen zirkuituak eta fluxuak aztertzea.
  • Manpara babesleak instalatzea.
  • Distantziak aztertzea, 2 metroko segurtasuna bermatuz.
  • Langileei ekainaren 1etik aurrera jendeari arreta emateko dinamikaren berri ematea, hau da, aurretiko hitzordua nola kudeatuko den, zenbat iraungo duen, zer kasutan izango den eta bulegoan gutxieneko langilerik egongo den aurrez aurreko arreta hori emateko.

Alarma-egoeran gaudenez eta pandemia gure kaleetan mantentzen denez, ELAk ez du ulertzen zergatik ez den telelana lehenesten langileen segurtasunaren eta osasuna bermatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.