Ponentziaren eztabaida eta bozketak Kongresuko bigarren egunaren hasiera hartu du. Ponentziak datozen lau urtetarako lan ildo nagusiak definitzea du helburu. Lau izan dira Ponentzia aurkezteaz arduratu diren lagunak: Amaia Muñoa, Leire Txakartegi, Aitor Murgia eta Pello Igeregi.
Amaia Muñoa burujabetzaren inguruan mintzatu da, eta kontzeptu horrek ELA bezalako klase sindikatu batentzat duen adieraz. Muñoak azpimarratu duenez, burujabetza eguneroko praktika politikoa da, herritarren esku egon behar duena, langile klasearen eta herriaren esku. “ELAn, –gaineratu du–, burujabetza, ezinbestean, jendearen ongizatearekin eta beharrekin lotzen dugu”.
Egungo abagunea aztertuta, ELA ondorio batetara heldu dela aipatu du Muñoak: Euskal Herriaren etorkizuna ezin da eraiki Espainiak eta Frantziak ezarritako markoetan. “Aldebakartasuna ez da desiragarria, baina gaur-gaurkoz indar-korrelazioa aldatzeko bide errealista bakarra da. Ez gara gatazka ireki edo heroiko bati buruz ari; gaitasun politikoa berreskuratzeaz ari gara, aldebikotasunaren fikzioan bizitzeari behingoz utzita”.
Estatus politikoaren inguruan ere mintzatu da. “Gauza bat garbi daukagu: guri ez digu balioko edozein akordiorik, sinatzen duenak sinatzen duela. Eta gogorarazten digu, sindikatu gisa, ez garela agenda ofizialen menpe bizi behar, aldiz, gure agendak eraikitzaileak behar dutela izan, beti ere konbentzimendu sakon batetik: Burujabetza sozialik gabe ez dago askatasun nazionalik”.
Leire Txakartegi antolakuntzaz aritu da, hau da, “geure buruaz, geure gabezi eta indarguneez, beti ere sindikatua langileen eskubideen alde ahalik eta eraginkorrena izateko. Antolakuntza atalean jasotzen diren helburuak eta lan ildoak arnas luzekoak direla esan ohi dugu, ez baitira agortzen lau urteko epean. Afiliatu, hauteskunde sindikalak bultzatu, epaiketak egin, sindikalizatu edo militantzia antolatu,... egunerokoan horretan gabiltzan arren, beti izango dugu zer hobetu, geure buruarekin exijenteak garelako”.
Horregatik, argi utzi nahi izan du zeintzuk izango diren lehentasunak. “Oinarrietatik hasiko naiz: afiliazioa eta hauteskunde sindikalak, jakin badakigulako ezinbestekoak direla gure autonomia sindikala bermatu eta lan zentroetan botere sindikala eraikitzen hasteko. Denon ardura izango da baita ere militantzia sustatzen jarraitzea hurrengo urteetan, plangintza eta ekintza zehatzak martxan jarriz: konfiantza kolektibotik abiatuta, parte hartze eremuak sortuz eta elikatuz, elkar aitortuz eta zainduz eta beharrezkoa den trebakuntza eta laguntza eskainiz”.
Aitor Murgiak nazioarteko abagunea aztertu du lehendabizi, eta gero Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoaz mintzatu da. “Euskal Herrian krisi anitz hauek hamarkadetako politika neoliberalen aplikazioak ezaugarrituriko testuinguru batean garatu dira. Herrialdea gobernatu duten alderdi nagusiek bultzaturiko politika horiek, lan-baldintzen desarautzea sustatu dute eta enpresen gehiegikeriei ateak zabaldu dizkiete”.
“Errenta altuak, kapital errentak eta enpresen irabaziak pixkanaka zergapetzea ere baztertu dute, baita politika birbanatzaile eraginkorrak bultzatzea ere. Gainera, oinarrizko zerbitzuetan inbertsio publiko eskasa mantendu dute, hala nola, osasunean, hezkuntzan, etxebizitzan, babes sozialean eta politika industrialean; aldiz, azpikontratazioaren eta pribatizazioaren alde egin dute funtsezko sektoreetan, esaterako, zaintza-lan profesionalizatuetan”.
Azken kongresutik hona korporazio handiek (Iberdrola, BBVA, Kutxabank, etab.) irabaziak handitu dituzten bitartean, langileak pobretze prozesu batean murgilduta egon dira, eros-ahalmenaren galera argi batekin. Horregatik Murgiak tarte luzea eskaini dio abagunea iraultzeko ELAk dituen helburu nagusiei.
Azkenik, Pello Igeregi negoziazio kolektiboaren egoera hartu du oinarri bere parte hartzean. Horretarako, hurrengo lau urteetako negoziazio kolektiboko estrategia azaldu du. “Lan mundua prekarietatearen gainean eraiki nahi duten gobernu eta patronalen aurrean, langileriak soilik gatazka estrategia batekin erantzun dezake.”.
Testuinguru honetan, azken Kongresutik hona beste behin berretsi den ondorio bat aipatu du. “Azken lau urteetako berri on guztiak grebaren ondorioz etorri dira. Guk borrokaren epika aldarrikatzen dugu, inposatu nahi diguten errealitate gordina aldatzeko epika eraginkor bakarra delako. Ez dugu grebak deitzeagatik barkamenik eskatuko, harro gaude! Langileak zapaltzen dituztenei hortzak erakustea poztasuna da, soldata ordaintzen dizunari aurre egitea gozada bat da, eta datorren lau urteetan sindikatu honetan izugarri gozatzen jarraituko dugu”.