Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Arloko Batzordeak (ELA 9, LAB 7, CCOO 3, ERNE 2, ESAN 2) beste sei greba egun deitu ditu. Bihartik aurrera, astearteetan eta ostegunetan greba egingo dute hiru asteetan zehar. Batzordea Udalarekin hiru bilera egin dituen arren, oraindik akordio batera heltzetik urrun daude bi aldeak.
Langileak muga mugan daude. Ezinezkoa da sufritzen ari diren lan-kargen igoerarekin langile berdinekin lan egiten jarraitzea. Langileek eskatzen dute profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta plantilla handitzea eremu guztietan (administrazioa, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia, talde teknikoa...). Gainera, egiturazko eta antolakuntzako beharren azterketa aldarrikatzen dute, dagozkion neurriak aplikatu ahal izateko. Lan poltsak sortzea proposatu dute, eta plantillaren egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.
ELAk arduradun politikoei eskatzen die pausoak eman ditzatela egoera larri hau konpontzeko. Hori horrela ez den bitartean, langileek Donostiako gizarte zerbitzuen defentsan greban jarraitzea beste aukerarik ez dute izango.