Astelehen honetan, ekainaren 23an, hasi da enpresa batzordeak deitutako lehen greba eguna, azken asteetan izandako negoziazioak geldirik egon ostean. Lehen lanuzte egun honetan, langileek grebarekin bat egin dute eta produkzioa gelditu egin da. Grebak aste honetako ostegun eta ostiralean jarraituko du.
Hainbat bilera egin ostean, enpresak uko egin dio langileen asanbladak planteatutako gutxieneko aldarrikapenak onartzeari. Eskaera horiek soldata igoera justua barne hartzen dute, baita lanaldia murriztea ere, kontziliazio hobea eta lan baldintza duinagoak ahalbidetzeko.
Hori guztia, INGETEAMek irabazietan bere errekorra erregistratu duen testuinguru batean, are ulertezinagoa egiten duena bere plantillaren baldintzak hobetzeari uko egitea.
Datozen egunetan aurrerapausorik eman ezean, datorren astelehenetik aurrera aste osoko greba deialdia egingo dutela ohartarazi dute langileek, mobilizazioak areagotuz.
Langileek tinko eusten diote lan-baldintza bidezkoak lortzeko borrokari, eta ez dute baztertzen ekintza gehiago egitea enpresak bere eskaerei erantzun gabe jarraitzen badu. Antolaketak eta borrokak bakarrik ahalbidetuko dute eskubideak lortzea, errespetua irabaztea eta bizi-baldintzak hobetzea.