2020-04-02 11:08
Enplegu Zerbitzu Publikoaren martxoko datuak erakusten dute 165.578 lagun daudela langabezian izena emanda Hego Euskal Herrian, aurreko hilean baino 14.364 gehiago. Langabezia tasa %12,3an dago, azken hilabetean puntu bat igo ondoren. Langabezian inskribatutako pertsona guztietatik %55,8 emakumeak dira, biztanleria aktiboaren %44,2 izanik. Hala, emakumeen langabezia-tasa (% 14,3) gizonena baino 3,8 puntu altuagoa da (% 10,5).

Langabeziaren igoera hau, neurri batean, COVID-19 pandemiaren aurrean enplegua defendatzeko hartu diren neurri faltagatik edo neurri horiek beranduegi hartzeagatik dator. Horren erakusgarri da hilabete honetan langabezian izena eman duten 14.364 pertsonetatik 624 baino ez direla lanik gabe geratu enplegu-erregulazioko espediente baten ondorioz (% 4,3a).

Datu horiek enplegua galdu duten pertsonei buruzkoak baino ez dira. Honi gehitu, Hego Euskal Herrian, aurrekoez gain, 187.000 pertsona baino gehiago daudela kontratua etenda edo murriztuta ERTE baten ondorioz.

Interes ekonomikoak osasun publikoaren aurretik jartzen dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta horregatik ez dute ezer egin funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteko. Espainiako gobernuak ezarri duen neurria berandu iritsi da eta hobetzeko modukoa da, baina albiste ona da.

Orain enplegua babesteko eta kaltetutako langileak defendatzeko neurri sozialak hartzeko garaia da. Beharrezkoa da kalitatezko zerbitzu publikoak eta prestazioak defendatzea.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.