2019-04-25 16:46
Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera Hego Euskal Herrian 124.900 langabetu izan dira 2019ko lehen hiruhilekoan. Honek esan nahi du azken urtean langabe kopurua 17.800 pertsonatan jaitsi dela. Hala eta guztiz ere, langabezia tasa oraindik %9,3koa da. Azpimarratzekoa da ere langabetuen %50,2ak urte bete baino gehiago daramala enplegurik gabe.

Nahiz eta langabe kopuru jaitsi, Hego Euskal Herrian Europa mailako langabezia maila altuenetakoa dugu, batez-bestekoa baino 2,8 puntu altuagoa (28-EBan otsailean neurtua). Izan ere, 28 estatutik soilik Italiak, Espainiar Estatuak eta Greziak dute langabezia tasa altuagoa.

Enplegua prekarietaren kontura hazten ari da. Azken urtean sortu den soldatapeko 3 enpelgutik 1 aldi-baterakoa da, eta behi-behinekotasun tasa %25ean kokatzen da. Aldi berean, emakumeen %28ak lanaldi partzialeko enplegua dauka.

Gainera azken urtean kontratazioa batez ere zerbitzuen alorrean hazi da (39.900 pertsona gehiago), lan-baldintzak eta soldatak enplegua galdu duen (15.100 pertsona gutxiago) industria sektorearekin alderatuta askoz txarragoak izanik.

ELAren ustez enpleguaren egoera ez da ona. Langabezia prekarietateren kontura jaisten da, eta enpleguaren bilakaera ekonomiarena baino okerragoa da. Beharrezkoa da lan-erreformak bertan behera uztea eta langile-klasearen aldeko politikak egitea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.