2019-07-05 08:56
Laudioko Tubacex enpresan 24 urteko behargin bat zendu da lan istripuan. Uztailaren 4an gertatu da ezbeharra, langilea mantenimendu lanak egiten ari zela, eta oraindik garbi ez dauden arrazoiengatik, pieza bat gainera erori zitzaionean. Aurten, gutxienez, 26 pertsona hil dira lan istripu baten ondorioz HEHan, 10 Bizkaian.

ELAk familia eta senitartekoei doluminak eman nahi dizkie, eta istripua ikertzea eta gertatutakoaren arrazoiak eta erantzukizunak argitzea exijitzen du.

Kasu honetan, dirudienez, langilea barne formakuntza jaso zuen eta bi urte zeraman mantenimendu lanetan. Ez dugu ezagutzen zehazki ze formakuntza maila edo eskarmentua zeukan edo errekurtso prebentiboren bat bazegoen istripuaren unean, baina kontuan izan behar da lantegi honetan dagoen arrisku maila altua, erritmo bortitz eta presio handiaren ondorioz. Ozenki esan daikegu, ordea, lan istripu eta lan gaixotasun guztien atzean prekarietatea dagoela. Ez dago sektore edo enpresarik prekarietatetik aske dagoenik, lehiakortasunaz gehiago hitz egiten baita prebentzio legedia betetzeaz baino.

Uztailaren 5ean Laudio eta Amurrioko lantegiak eta aceria itxita egongo dira gertatutakoa salatzeko. 12.00etan enpresa aurrean elkarretaratzea egingo da eta jarraian manifestazioa Herriko Plazaraino. Enpresako komiteak istripu hilgarri hau salatzeko deitutako ekintzatan parte hartuko du ELAk; gizarteari ere dei egiten dio parte hartzera, etxera bizirik eta onik bueltatzeko eskubidea exigitzeko, hain zuzen ere.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.