2023-03-21 16:28
Arduradun batek egindako jazarpenaren aurrean, enpresak ez zituen beharrezko neurriak hartu bi langileren duintasuna errespetatzen dela bermatzeko

Lan Ikuskaritzak frogatutzat jo ditu ELAk Mercadonako bi langileren izenean egindako laneko jazarpenaren salaketak, eta falta oso larria ezarri dio, kasu honetan 7.501 euroko isunarekin zigortzen dena.

Ikuskaritzak frogatutzat jo du jarduera horien errudunak (Mercadonako bitarteko arduradun batek) langileen erresistentzia psikologikoa txikitzea bilatu duela, iraingarriak eta larderiazkoak diren jardueren bidez, haien duintasuna erasoz eta haien bizitza profesionalari eta pertsonalari kalte eginez.

ELAk salatu du enpresako zuzendaritza praktika horiek ezkutatzen saiatu dela uneoro, jazarleari biktimen aurrean lagunduz eta lankideei presioa eginez laneko ikuskatzailearekin hitz egin ez zezaten. Gertaera horiek ere egiaztatuta daude ebazpenean.

ELAk oso positibotzat jo du salaketa horien emaitza, baina azpimarratu du ez dela gertakari isolatu bat: kasu gehiago azaleratzen ez badira, langileek Mercadonan gertatzen diren praktikak salatzeko duten beldurragatik da.

ELAk beldur hori gainditzeko eta jasaten ari diren jazarpen-egoerak salatzeko deia egin die Mercadonako langileei, eta zuzendaritzari berehalako neurriak hartzeko eskatu dio. Bi langileek bizitako egoerak ezinezkoak izango lirateke Mercadonaren beraren konplizitaterik gabe.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.