2019-11-04 18:13
EAEko itunpeko irakaskuntzan %97ko ordezkaritza duten ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuen proposamenez prozedura bat jarri da abian Lan Harremanen Kontseiluan, sindikatu, patronal eta Hezkuntza sailaren parte hartzearekin. ELAk salatu nahi du prozedura horrek gaur gaurkoz ez duela fruiturik eman.

Azaroaren 4an izan da azkeneko bilera eta azaroaren 5ean jarraituko da, baina oraingoz ez dago mahai gainean proposamen berririk. ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek adostasunetara iristeko borondatea berretsi dute bileran, eta patronal zein hezkuntza sailari arduraz jokatzeko eskaera luzatu dute berriro ere.

Sindikatu hauen ustez, dagokien arduraz jokatzen badute, eta langileen eskaerei erantzungo dieten eduki eta planteamenduak lantzeko eta bultzatzeko prest badaude, adostasunak erdiestea eta gatazka bideratzea posible izango da. Bitartean, sindikatuek ikastetxe hauetako langileek azaroaren 7an hasiko den greban parte hartzera animatzen eta deitzen dituzte.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.