2019-05-22 14:09
Mitxel Lakuntza idazkari nagusia buru dela, ELAren delegazio bat parte hartzen ari da Europako Sindikatuen Konfederazioaren (CES) 14. Kongresuan. Vienan hilaren 21ean hasi eta 24an amaituko den kongresuan Konfederazioko kide diren 90 sindikatu eta 10 federazioetako ordezkaritza bildu da. Austriar hiriburuan europar sindikatuek datozen lau urteetan izango duten ekintza programa erabakiko da, baita Vienako Manifestua ere, zeinak datozen aldirako europar jarduera sindikalaren oinarriak jasotzen dituen.

ELAko idazkari nagusiak hitz egin du europar eraikuntzari, demokraziari eta ultraeskuinaren mehatxuari buruz egin den eztabaidan. Lakuntza bat etorri da adierazi den kezkarekin, eskuin muturraren eta beronen ideien gorakada medio, eta aipatu du odeia horietan nabarmentzen dela ezberdinenganako gorrotoa eta antikolektibismoa.

ELAko buruak esan duenez, ultraeskuinak ez du nahi giza-eskubideak, sozialak barne, defendituko dituen antolakunderik egotea, izan ere, “sindikatuak solidaritatea sustatzen baitu, naziotasun, jatorri eta generoa edozein dela ere”. Hain zuzen, sindikalismoaren eginkizuna aldarrikatu du, berez antifaxista delako; horregatik da ultraeskuinarentzako antidotorik onena.

Bestalde, Lakuntzak adierazi du antikolektibismoa eta erantzun kolektiboen aurkako jarrera politika instituzionalean ere hedatuta dagoela, edota eskuineko alderdien artean, zeintzuentzat traba gertatzen baitira eskubide sozialak eta laboralak, besteak beste greba egitekoa.

ELAko idazkari nagusiak nabarmendu du neofaxismoaren aitzinatzea mehatxu bat dela, eta adi egon behar garela, baina ohartarazi du fenomeno hori ulertuko bada ezinbestekoa dela inolako mugarik ez duen kapitalismoaren jatorriari erreparatzea; honek eman dio bide mehatxu hari, prekaritate, ezberdintasun, pobrezia eta beldurrezko politikak ezarri dituenean.

Horrenbestez, Lakuntzak galdegin du politika publikoak zeharo aldatzea, eta esan du ezker politikoak botere ekonomikoekiko konfrontazioa hartu behar duela bere gain, aberastasuna, enplegua eta etxebizitza banatzeko politikak aldarrikatuz.

Azkenik, gogoratu du ezker politikoa eta sindikalismoa ezin direla jendearen benetako arazoetatik urrun egon, eta jende xehearen alde egiteko sortu zirela, ez botereen alde. Horregatik, europar sindikatuei dei egin die langile-klasearen arazoak kontutan izan ditzaten, lantokietatik kanpo ere auzo eta kaleetan egoteko.

Amaitzeko, ELAko idazkari nagusiak aliantza sindikal eta sozialen garrantzia goraipatu du: mugimendu feminista, errefuxiatuen laguntzarako erakundeak, giza eskubideak defenditzen dituztenak, pentsiodunenak... Hauek guztiak beharrezkoak dira Europa sozialagoa, ekologistakoa, feministagoa eta demokratikoagoa lortzeko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.