Gogoratu beharra dago otsailaren 19an Eskola Jantokietako Kudeaketa Zuzeneko patronalak sindikatuak bilera urgente batera deitu zituen, eta bilera gaur izan da. Argi zegoen Patronalak eskaintza berri bat egiteko asmoa zuela. Aurreko asteetan egindako eskualde eta lantoki mailako batzarretan nabarmena zen langileak nazka-nazka eginda zeudela beren egoerarekin. Hilaren 26rako deituta zegoen greba mobilizazioen hastapena besterik ez zen, eta pentsa zitekeen epe laburrean greba mugagabera ere iritsi zitekeela, batzarretan adierazi zen legez.
Sindikatu guztion aldarriak besteak beste honako gaien inguruan zebiltzan:
Kontratazio prekarioa: gero eta kontratu laburragoak eta lanaldi aldetik egongaitzagoak.
Prekaritatea lan-karga aldetik ere, gero eta handiagoa baita.
Prekaritatea enpleguan: Ez dakigu zein izango den langileen etorkizuna baldintza-agiri berriak datozenean.
Soldaten homologazioa, %1 baino apur bat gehiago falta baitzen patronalaren azken proposamenena.
Ratioen berrikuspena.
Testuinguru honetan izan da gaurko bilera.
Aurreakordioaren edukia:
8 urteko iraupena duen hitzarmena (2016-2023)
Soldaten homologazioa 2023raino luzatuko da
2016, 2017 eta 2018 urteetarako ez dago soldata igoerarik
Kontratazio prekarioari, ratioei, lan-kargari edo gutxieneko lanaldiari buruz lehenagotik geneukan berbera.
Enpleguarentzako bermerik ez, eskola jantokien etorkizuneko eredua edozein dela ere.
Kudeaketa zuzeneko langileontzat une bereziki garrantzitsua dugu hau. Guztia aidean dago. Prekaritatea era guztietan hedatzen ari da. Gure oraina bera prekarioa da, eta ez dakigu etorkizunean zer datorkigun gainera. Langileek erabaki dute borrokatzeko unea dela, eta LABek eragotzi egin die akordio txar hori sinatuta, batzarretan adierazitako ia ezer ez baitu jaso, 2023an izango den homologazioa kenduta. Ez dugu ulertzen nolatan 30 batzar behar izan ziren greba deialdia erabakitzeko, eta orain batzar bat bera ere egin gabe LABek bertan behera utzi duen. Ez gatoz bat edukiarekin, moldeekin, ez eta iraupen luzearekin ere. Borrokari uko egitea ikusezin izan ez gaitezen daramagun ahaleginari uko egitea da. Borroka baztertzea prekaritatea amaiarazteko borroka baztertzea da. LABek amore eman du borrokan hasi ere egin gabe.
ELAk kudeaketa zuzeneko sektorean prekaritateari aurre egiteko eta lanpostuak bermatzeko borrokari eutsiko dio.