2025-07-24 09:53
%73ko ordezkaritza du ELA sindikatuak: 22 ordezkaritik 16 delegatu.

Legazpin kokatzen da Bellota Agrisolutions eta Bellota Herramientas biltzen dituen taldea. Urte luzez ELAk izan du gehiengoa bertan eta bide luzea du hitzarmenen negoziaketan. Horien fruitua izan dira, adibidez, gaur egun jada dituzten 35 orduak, baita beste eskubide ugari ere.

Enpresa aldi baterako enplegu erregulazio espedientean dago murgilduta (ERTE), baina hala eta guztiz, oraingo negoziaketan ere aurrerapauso nabarmenak lortu dituzte lau urteko indarraldia izango duen hitzarmenarekin (2025-2028). Izan ere, soldata igoerari dagokionez, 2025 urterako KPIko soldata igoera izango dute eta gainontzeko urteetan KPItik gorako igoerak: KPI+0,25, KPI+0,5 eta KPI+0,75, hurrenez hurren. Asteburuetako plusei dagokionez, %10eko igoera aplikatuko zaie.

Horretaz gain, garrantzia eman nahi izan zaio lana eta bizitza uztartzeari eta beraz, kontziliazioa hobetzeko neurriak lortu dira lizentzietan. Adibidez, lehen mailako familiarrek gaixotasun larria dutenean, horiei laguntzeko 16 ordu izango dituzte langileek.

Langileen bizi kalitatea eta lanpostuak bermatzeko errelebo kontratua mantentzea ere lortu da, eta prebentziorako fisioterapia zerbitzu subentzionatua izango dute. Horregatik guztiagatik, ELA Sindikatua pozik azaldu da lortutakoarekin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.