2019-10-18 12:07
ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru-k Kataluniako herriari babesa adierazteko kontzentrazioak deitu dituzte lan zentroetan. `Erreferenduma ez da delitua´ lelopean, ehundaka langile eta herritarren elkartasun mezuak zabaldu dira.

ELAko Nafarroako arduradun Imanol Pascualek Iruñan egindako agerraldian adierazi bezala, kontzentrazioak helburu hirukoitza izan du: lehenik eta behin, zigortutakoei elkartasuna adieraztea; bigarrenik, Donostian Gure Esku Dagok urriaren 19rako antolatutako manifestaziora deitzea; eta hirugarrenik, 1978tik izandako errepublikanismo eta demokrazia erakustaldi argiena errotik ezabatzea, horretarako errepresioa erabiliz.

Sindikatuen esanetan, sententzia honek Espainiar Estatuan botere-banaketarik ez dagoela berretsi besterik ez du egin, Altsasun ere ikusi izan den bezala. “Mendeku gosea da sententzia honen helburu bakarra”, laburbildu dute.

Zentzu horretan, sindikalgintzatik ere halako sententzia bati aurre egiteko beharra azpimarratu dute. “Sedizioan oinarritutako zigorra oinarrizko eskubideen kontrako eraso zuzena da, eta manifestazioak deitzeko eskubidea bera kolokan jartzen du”, gehitu dute.

Azkenik, elkartasuna eta aitortza adierazi diote Kataluniako herriari, instituzio eta preso politikoei elkarrizketa eta erabakitzeko eskubidea defendatzeagatik.

Mobilizazioa ezinbestekoa dela azpimarratuz, larunbatean, urriak 19, `Erreferenduma ez da delitua´ lelopean Gure Esku Dagok Donostian deitu duen mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.

#ErreferendumaEzDaDelitua kontzentrazioak irudietan

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.