2025-07-16 08:32
2024ko otsailaren eta uztailaren artean egindako grebengatik zigortu dute enpresa. ELAri zein langileei kalte ordaina eman beharko die.

Donostiako Lan Arloko 1. zenbakiko Epaitegiak ebatzi du Bestseller Españak, alegia, Garberako (Donostia) eta Urbileko (Usurbil) merkataritza guneetan Jack&Jones dendak dituen enpresak greba eskubidea urratu ziela langileei 2024an hitzarmenaren estatalizazioaren aurka egindako deialdian.

Hain zuzen ere, hainbat greba egun egin zituzten Madrilen negoziatzen ari diren ehungintzako eta oinetakoen merkataritzako marka handien I. Estatu Hitzarmena Gipuzkoan aplikatzearen aurka. Bi greba egunetan, ordutegietan eta lantokietan aldaketak egin zituen enpresak grebalarien hutsuneak betetzeko. ELAk salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzan, eta 7.501 euroko isuna ipini zion enpresari, ELAk salatu zituen langileen mugimendu horiek egiaztatuta.

Orain, Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak grebarako eta askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea urratzeagatik zigortu du Bestseller España. Ondorioz, 10.000 euroko kalte ordaina eman dio ELAri eta grebalari bakoitzari 2.000 euroko kalte ordaina.

ELAk oso positiboki baloratzen du ebazpena, greba eskubidea kasu guztietan defendatu behar den eskubidea baita.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.