2018-11-07 12:06
Joan den azaroaren 6an Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak adierazi bezala, %2,25eko soldata-igoera aplikatuko zaie euskal administrazioko langileei urtarriletik aurrera, 2019ko Aurrekontuen Zirriborroan ezarritakoari jarraiki eta EAEko eta Estatuko aurrekontuak noiz onetsiko diren zain egon gabe. Neurri honek, ordea, ez du azken urtetako erosahalmenaren galera berreskuratzeko aukerarik emango.

ELAk berriro salatu du gobernuaren begirunerik eza herri-langileekiko, eta haien ordezkaritza daramaten sindikatuekiko; izan ere, proposamen hori hedabideetan zabaldu du, aldez aurretik Mahai Orokorreko sindikatuei jakinarazi gabe. Azaroaren 15erako zegoen bilera deiturik, baina ez dute negoziaziorako aukerarik eman.

Proposamenaren soldata-igoera guztiz eskasa da: ez du bermatuko azken urteotan galdutako erosahalmena berreskuratzea; ez dago loturik KPIrekin; eta gainera, KPIaren azken aurreikuspenak kontuan hartzen baditugu, beste galera bat ere izan daiteke euskal administrazioko langileentzat.

Hori dela eta, ELAk uko egiten dio Gasteizko gobernuaren proposamen horri, 2018ko martxoan PPren, UGTren, CCOOen eta CSIFren arteko akordioa bere eginez %2,25eko igoera dakar-eta. Gogoratu behar dugu, gainera, akordio horren betetzea baldintzaturik dagoela, alegia, autonomia-erkidegoek defizit-helburuak, gastu-goia eta zor-muga betetzearen baldintza pean dagoela. Bestalde oinarrizko legeen bidez autogobernuaren esparruan esku hartzeko joeraren jarraipena dela.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio kontuan hartu dezala 2019ko soldata-igoeran azken urteotan galdutako erosalmenaren itzulera, %15 ingurukoa, hain zuzen ere. Mahai Orokorraren bileran ELAk hori bera eskatuko du, eta baita enpleguaren arloan benetako negoziazio bat hasteko ere, sektore publikoko behin-behinekotasunaren tasa, %35etik gorakoa, sektore pribatukoa baino askoz handiagoa da-eta. ELArentzat premiazkoa da aldi baterako enpleguarekin eta prekarietatearekin amaitzea sektore publikoan. Horretarako, behin-behineko milaka langileren lanpostuak finkatu behar dira, eta azken urteetan murrizturiko lan-baldintzak berreskuratu (Itzarri, erretiro-primak, lanbide-garapena...).

Azkenik, ELAk Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzen die ez dezaten babestu gobernuaren proposamena, eta  gobernuari exijitzea behingoz ekitea soldata zein enplegu arloetako akordioak bideratzeko moduko negoziazio bati.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.