2024-04-30 12:05
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk 4 greba egun deitu dituzte apirilaren 29-30erako eta maiatzaren 22-23rako. Sektoreko patronala, CEBEK, hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da. Cebekek murrizketak proposatu ditu, eta ez ditu kontuan hartu sindikatuek Negoziazio Mahaiari helarazi dizkioten edukiak. Hitzarmen sektoriala 2011z geroztik dago iraungita. Grebaren bigarren eguna jarraipen garrantzitsua izaten ari da. Cartonajes Erabil, Cartisa, Biolid, Grafo, Arteos Digital, Dascor, Divipa eta Garcinuño bezalako erreferentziazko enpresak ia geldirik eta produkziorik gabe daude.

Mobilizazioak goizeko 5:30ean hasi dira, 200 laguneko pikete batekin, Cartonajes Erabil (Amoroto) enpresaren lantokien aurrean. Ondoren, piketeak sektoreko hainbat enpresatan ibili dira Bilbon. Azken ekitaldi gisa, 11: 30ean manifestazio jendetsua izan da Bilboko kaleetan zehar.

Bigarren greba-egun horrekin amaitu da arte grafikoen sektorerako deitutako greben lehen zikloa. Maiatzaren 22a eta 23a ere greba-egunak izango dira, akordio egokia lortu ezean.

Grebaren bi egun hauetan, sektoreko langileek argi utzi dute patronalaren azken proposamenaren aurka daudela. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk negoziazioa blokeatzeko jarrera bertan behera uzteko eta plataforma sindikal bateratuan jasotzen diren edukiak mahai gainean jartzeko exijitu diote CEBEKi. Eduki horiek lan-baldintzak hobetzea eta aurrera egitea dakarte.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.