2020-05-19 10:20
ELAk salatu du lan-segurtasunaren arloko irregulartasun larriak daudela Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) Bizkaiko instalazioetan, lanpostu eta eremu erkideetako aireztapenari/erauzketari dagokionez. Gainera, ez da egiten lan-ekipamenduen mantentze-lanik, ezta osasun-neurketarik ere, eta ez dago ebakuazio-sistema egokirik...

2019ko udan gertaturiko ihes bat zela-eta, salaketa sindikala jarri zen Bizkaiko Lan Ikuskaritzan, eta erakunde horrek galdatu dio Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari antzemandako akats larriak berehala konpontzeko. Hala ez balitz, jarduera gelditu egingo litzateke, eta hori oso larria izango litzateke.

ELAren ustez, argi dago egungo pandemia-egoerak are gehiago larriagotzen dituela aipaturiko gertakariak, eta ahultzen dituela langileen segurtasun-bermeak AMEIko instalazioetan, non Patologia Zerbitzuko langileak eta laborategiko langileak biltzen diren. Gogora dezagun instalazio horiek Bilboko Barroeta Aldamar Justizia Jauregiko sotoetan daudela, eta kokapen horrek eragozten duela aireztapena %100ean bermatzeko behar diren zuzenketak egitea, guztiz gainezka dagoen esparrua baita, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren beraren txostenek adierazten duten bezala.

ELAk Lan eta Justizia Sailari eta Gobernu honi behin betiko konponbidea emateko eskatzen die, zerbitzu osoaren kokalekua aldatuz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.