2019-01-17 09:45
ELAk salatu du Jaurlaritza ez dela betetzen ari 2018ko maiatzean sinatutako akordioak jasotzen zuen neurri zehatz bakarra ere, ordezkapenak lehen egunetik egitekoa. Hezkuntza Sailak nahiago du ordezkapenak betetzea baino ikastetxeetan langileak falta izatea, honek bertako langileei eragiten dieten lan kargekin. Zer esanik ez, hezkuntza prozesuan honek eragin larria du. Gainera, egoera hau gehitzen zaio jadanik hezkuntza publikoan pairatzen den ratioen muturreko politikari.

2018ko maiatzean, hezkuntza publikoan greba eta mobilizazio dinamika potente bat martxan genuela, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek desmobilizazioa eragin zuen akordioa sinatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin. Momentu horretan salatu genuen akordio honek ez ziela grebara eraman gintuzten aldarrikapenei erantzuten, zehaztasun falta izugarria zela eta krisi urteetan zehar hezkuntza publikoan ezarritako murrizketei buelta emateko aukera historiko bat galdu genuela. Ikasturte berria hasi ahala ikusten joan gara akordio honek ekarri dituen ondorioak eta eguneroko martxak maiatzean salatu genuena berrestera eramaten gaitu. Sinatutako sasi-akordioak pairatzen genituen lan baldintza kaskarrak ez ditu hobetu.

Ordezkapenak etapa guztietan lehen egunetik betetzea izan zen akordio horren onura bakarra, baina ikasturtea hasi denetik Hezkuntza Sailak hau ere ez du bete. Momentu honetan ematen ari den egoera lotsagarria da: ez dira ordezkapenak betetzen ari eta Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzetakoen esanetan ez dago ordezkogairik zerrendetan; hots, zerrenda batzuk agortu egin dira (PT, LH, HH).

Azaro aldera Lehen Hezkuntzako espezialitateetako zerrendak ireki ziren, baina orduan apuntatu ziren guztiak barematu gabe daudenez, ez dituzte ordezkapenak egiteko deitzen. Bigarren Hezkuntzan ere berdina gertatzen da, hainbat zerrenda irekita mantentzen direlako.

Dirudienez, Hezkuntza Sailak nahiago du ordezkapenak betetzea baino ikastetxeetan langileak falta izatea, honek bertako langileei eragiten dieten lan kargekin. Zer esanik ez, hezkuntza prozesuan honek eragin larria du. Gainera, egoera hau gehitzen zaio jadanik hezkuntza publikoan pairatzen den ratioen muturreko politikari (ikasturte hasieran prentsaurreko bidez aurkeztu genuen txostenean aztertu genuen hau).

ELAk egoera hau oso larritzat jotzen du, eta horri berehala amaiera eman diezaiola exijitzen dio Hezkuntza Sailari.

Bestetik, egun, EAEko hezkuntza publikoan lanean diharduten 27.220 irakasleetatik 10.823 behin-behinekoak dira, hau da, %40a. Beraz, ikasturte honetan behin behinekotasunak gora egin du, %38tik %40raino, hau da, 1.123 behin behineko gehiago ditugu aurten irakasleen kidegoan. Gainera, langile hauetariko asko aspalditik daude egoera prekario honetan.

Hau dela eta, Hezkuntza Sailak prekarietatea eta behin behinekotasuna betikotzeko neurriak jarri ditu mahai gainean ikasturte berria hastearekin batera: sasi-egonkortasun proposamena, EPE prozesua gainditzen dutenak saritzea egoera normalizatuan egongo bagina bezala...

ELAren iritziz erabaki hauek kalte larria eragiten diote hezkuntza publikoari, eta ezinezkoa da egoera hau luzaroan jasatea. Horregatik, ELAk konponbide egokia exijitzen dio Hezkuntza Sailari, egoera honen erantzulea den heinean. Eta behin behinekotasuna eta prekarietatea betikotzen duten neurriak berehala bertan behera uzteko exijitzen dio. Bestalde, hezkuntza publikoko langile guztiei antolatu eta mobilizatzeko deia luzatzen die, argi geratu baita hori dela egoerari buelta emateko bide bakarra.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.