2019-03-04 14:20
Hauteskundeetarako hilabete gutxira, Nafarroako Gobernuak “Irakasleei eskerrik asko / Gracias al profesorado” kanpainia aurkeztu du. 5 bideoetan ikasle ohi batzuek beren irakasleak izan zirenei eskertzen diete haiengandik ikasitakoa. Atzean piano musika hunkigarria entzuten da. Inoiz ez da alferrik pertsona hauei prestigioa ematea haien gizarte-lan ikaragarriagatik, izan ere, sistema sostengatzen dute eskatzen eta ordaintzen zaiena baino askoz gehiago ematen dutelarik. Horregatik, esker on hauek askoz zintzoago, koherenteago eta eraginkorragoak lirateke haien lan baldintzetan islatuko balira, lanbide honek prestigio handia duen Europako herrialdeetan egiten den bezala.

Hona hemen datu batzuk Nafarroako hezkuntzaren errealitatea ulertzeko:

  • Nafarroa Europako muturrean dago hezkuntzako inbertsioari dagokionez, BPG-ko %3,1 soilik bideratzen duelarik (UNESCO-k %6 gomendatzen du) eta modu merkeagoan azpikontratatzen du ikaslegoaren %40aren irakaskuntza.
  • Behin-behinekotasun tasa hezkuntza publikoan %33ko da, lotsagarria Europarekin alderatzen badugu. Iragarritako EPEak ez dira nahikoak arazoa konpontzeko. Oraindik 2400 langile faltako lirateke egonkortzeko. ELAk sinatu ez duen 2018-22 Hezkuntza Itunak ez du esaten noiz eta nola pasako garen %33 horretatik Gobernuak helburu duen %8ra. Nafarroak EPE masiboak behar ditu eta hemen erabaki, ez Madrilen, nahi duen EPE eredua.
  • Hezkuntza Departamentuak ez ditu EPEak irakaslegoaren ordezkariekin negoziatzen, hau da, negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen du eta sindikatuen ekarpenei muzin egiten die.
  • Hezkuntza Itunean ezarritako lehenengo neurriak eskasak dira:
    • HH eta LH irakastorduak 25-23 jaistean eskolek laguntza eta bikoizketetarako orduak galdu dituzte. 300 irakasle berri kontratatu behar ziren eta 136 solik kontratatu dira.
    • Bigarren Hezkuntzako irakastorduen jaitsiera 2019-2020 ikasturterako utzi da. Ez zen borondaterik izan neurria HH et LH-rekin batera ezartzeko .
    • Ordezkapenen kudeaketak zehaztasunik ez du eta ez dira lehen egunetik bermatzen ezta urrundik ere.
  • Gaur egungo ratioak (25 HH-LH, 30 DBH, 33 Batxilergoa) oraindik oso altuak dira Europarekin alderatzen baditugu eta Departamentuak ez du horiek jaisteko asmorik.
  • Irakasleek %15ko eros-ahalmena galdu dute azken urteotan eta itunean ez dago soldatak berreskuratzeko aipamenik.
  • Zerrenden kudeaketarako 51/2018 Foru Agindua sindikatu guztien eta irakasleen iritziaren kontra eta negoziatu gabe ezarri zuen gobernuak. Zerrenda preferente hauek langileen eta zentroen egonkortasunaren kontrakoak dira. Honez gain, zerrenda baztertzaileak dira (espezialitatea eta hizkuntza) eta irakasleen berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak urratzen dira.
  • Oraingo Gobernuak IIP-PAI bezalako Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programei jarraipena eman die. Hauen erruz ehunka maisu/maistra funtzionario baztertuak izan ziren ingeles titulua ez izateagatik, eta ezarri zen zentroetan behin-behinekotasuna igo zen (%50 baino altuago gehienetan), baita interinoen txandaketa ere.
  • Irakasleen lan-osasuna ere kaltetua izan da azken urteetan. Gehiegizko lan-karga eta ratioek eragin zuzena dute langileen ongizatean, azken 4 urteetan arrisku psiko-sozialen ebaluaketek erakutsi duten bezala. Honi aurre egiteko, Departamentuak ez ditu Prebentzio Zerbitzuaren neurriak betetzen, horretarako inbertitu behar delako. Lan-arriskuen prebentzioa ez da lehentasuna Gobernu honentzat.

Gai zehatz hauez gain, kanpaina honek beste kontraesan batzuk ditu. Kontseilariak fokua pertsonengan dagoela dio, eta bideoetan irakasleek ikasleei transmititzen dizkieten pertsonalitatea eta balioak erakusten dira. Paradoxikoki, irakasle onenak hautatzeko erabiltzen den sistemak ez du pertsonengan fokua jartzen, baizik eta, proba baztertzaileen bidez, aspektu akademikoan batez ere. Hau oso garrantzitsua bada ere, ezer gutxirako balio du ez badira kontuan hartzen beste gaitasun batzuk, pedagogikoak eta gizarte harremanetarakoak alegia. Bestalde, betetzen duten lanak behar dituen sarbide profesional eta formakuntza espezializatua egituratu beharrean, irakasleak aurretik juzgatuak dira eta MIR eta aldizkako ebaluazioen mehatxua haien gain jartzen da behin eta berriz.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.