2019-03-29 11:12
Martxoaren 26an erregulazio-espedientearen kontsulta-aldiaren bigarren bilera egin da. Espediente horren bidez, eta ekonomia-arrazoiak argudiatuz, Ingemar-Usurbilgo ia plantilla osoa kaleratzeko asmoa dago, eta horren ondorioz Usurbilgo lantegia itxita geratuko zen. Bileran enpresak EEE aurrera eramateko asmoa berretsi du, batetik likidezia eta finantzaketa faltagatik, eta bestetik, Usurbilgo lantegiaren salmentak ugaltzeko ahaleginetan huts egiteagatik. ELAk enpresari taldearen benetako egoerari buruzko informazioa eskatu eta Usurbilgo lantegiaren etorkizuna defendatu duela berretsi du.

Gainera, 9 langilerentzat mugikortasun geografikoa proposatu da, Galiziako lantegira bidaltzeko. Eta gainerako langileentzat proposatu den kalte-ordaina legez ezarritakotik hurbil dago, urtebeteko epean ordaintzekoa, Zuzendaritzaren arabera ez baitago diruzaintzan funts nahikorik kalte-ordainei aurre egiteko.

ELAren aldetik hurrengo puntu hauek azpimarratu nahi ditugu:

Finantzaketa falta jabeen jardunbidearen ondorioa da, Grupo Ingemar S.L.ren aktibo guztiak eskuratu baitzituzten. Eragiketa hori kapital zabalkuntza baten bidez gauzatu zuten, non ez baitzen euro bakar bat ere gorde Bideragarritasun Plana aurrera ateratzeko, Zuzendaritzak berak aurkeztutako Plana, hain zuzen, aurrera ateratzeko. Konpromiso hori langileen eta herri-erakundeen aurrean hartu zen.

Finantzaketarik izan gabe Usurbilgo lantegiak ezin du jardunean jarraitu, ezin du salmentarik sortu.

Usurbilen jarduerarik sortzeko euro bakar bat jarri ez badute ere, Zuzendaritzak proposatu duen erregulazio-espedientearen eraginez milioi bat eta erdi eurotik gorako kalte-ordainak ordaindu beharko dira. Puntu horrekiko zera ikusten da: ez badago dirurik kalte-ordainak emateko, kaudimengabeziaren adierazpena egin beharko da, eta orduan ezin izango da ordaindu 2017ko amaieran sinaturiko hartzekodunen hitzarmenean ezarritakoa.

Ekonomiaren arrazoien inguruko txosten teknikoan" ez da kontuan hartu "Usurbilgo lantegiko Bideragarritasun Plana", 2019ko urtarrilekoa, txosten teknikoa lehenagokoa baita. Hori dela-eta, txosten teknikoan, EEEaren beharra frogatzeko, emandako arrazoiak kontrajarrita daude Bideragarritasun Planean adierazitakoekin, non Usurbilgo lantegia, 3 urtera begira, errentagarria izango dela, eta etekinak sortuko dituela adierazten den.

Enpresari taldearen benetako egoerari buruzko informazioa eskatu diogu. Gure aldetik Usurbilgo lantegiaren etorkizunaren alde jarraituko dugu ekinean, lanpostuak defendatuz, eta Zuzendaritzaren ezin txarragoko kudeaketa salatuz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.