2019-11-08 11:34
Azaroaren 7tik abenduaren 5era greba egunak izango dira EAEko itunpeko irakaskuntzan; tarte horretan akordioa lortu ezean grebek eta mobilizazioek jarraituko dute

2019ko maiatzaren 9a. Aurreko ikasturteko hamargarren eta azken greba eguna Euskal Autonomia Erkidegoko Itunpeko Irakaskuntzan. Lanuzte eta mobilizazioek jarraipen oso zabala izan zuten kurtso osoan zehar, bai greben jarraipenari dagokionez eta bai antolatutako manifestazio eta bilkuretan.

2019ko ekaianaren 13a. Mahai negoziatzailea. Aste luzez patronalaren inolako berririk izan gabe, Kristau Eskola eta AICE-IZEA inolako aurrerapausorik jasotzen ez duen proposamena aurkezten dute. Uztailean zehar mahai negoziatzaile bat deituko zuela aipatu zuen patronalak. Gezurra, deialdia ez baitzen egin.

2019ko irailaren 10a. Hezkuntza Sailaren propaganda ekintza berria. Publikoki adierazten dute ikasturte honetarako itunpeko sarerako aurreikusten duten gastu aurreikuspenak gatazka bideratzen lagunduko dutela. Propaganda, edo gezurra: ez dago inolako diru sarrera gehigarririk aurreikusita.

2019ko urriaren 15a. Patronalen zein Hezkuntza Sailaren arduragabekeria eta inmobilismoaren aurrean, eta gatazkarekin amaitzeko inolako mugimendurik egiten ez zutela ikusirik, ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek –ordezkaritza sindikalaren %97ak– hilabeteko greba iragarri zuten: azaroaren 7tik abenduaren 5era. Denbora horretan hitzarmena berritzeko balioko duen akordioa lortu ezean, mobilizazioak are eta gehiago indartuko dira.

Hori da EAEko Itunpeko Irakaskuntzaren egungo egoera, labur azalduta. Noski, kontakizun honen kronograman askoz atzerago joan gintezke. Adibidez, 2009. urtera, garai hartan amaitu baitzen sektoreko lan baldintzak arautzen zituen hitzarmena. Edo 2017 urteko azarora. Kristau Eskolaren eta AICE-IZEA patronalen jarreraren aurrean sindikatuak mahaik altxatu beste biderik izan ez zuten unera. Edo azken bi ikasturte hauetan sakabanaturik egin diren 27 greba egun eta ehunka mobilizazioetara.

“Gure proposamenak moderatuak dira”

Miren Zubizarreta ELAk Itunpeko Irakaskuntzan duen arduraduna da. Miren Zubizarretak azpimarratzen duenez, bost hilabete igaro dira iragan ikasturteko azken greba eguna egin zenetik, eta tarte honetan patronalek ez dute inolako aurrerapauso edo mugimendurik egin. Gainera, hezkuntza sistemaren arduradun den Hezkuntza Sailaren jarrera ere salatzen du, ez baitute gatazka hau konpontzeko inolako urratsik eman.

“Sektoreko langileok hamar urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe. Hamaika bilera eta saiakeraren ostean 2017ko azaroan mahaitik altxatu beste aukerarik ez ziguten utzi. Denbora honetan, besteak beste 27 greba egun egin ditugu, bi ikasturtetan sakabanaturik. Hala ere, sektoreko patronalek ez dute langileen eskaerei erantzuteko eta gatazkari irtenbide bat bilatzeko inolako ahaleginik egin. Badakite zeintzuk diren gure aldarrikapenak, beti agertu gara negoziatzeko prest. Zintzoki aritu gara beti, eta uste dut gure eskaerak erabat neurtuak direla. Gainera, beti erakutsi dugu malgutasun handia gure planteamenduetan. Esaterako, adibide bat jartzearren, soldaten inguruko aldarrikapenetan hasieran proposamen bat egin genuen, eta gero hasierako proposamen horretatik nabarmen mugitu gara akordio bat lortzeko asmoz”.

Hau guztiagatik, Zubizarretak argi du langileek ez dutela mobilizaziora jotzeko beste biderik. “Patronala eta Hezkuntza Saila soilik mugitu dira, gutxi bada ere, mobilizazio dinamika indartu denean. Patronalak greba deialdiak ez negoziatzeko aitzakia gisa erabili izan ditu, ‘mehatxupean’ ez zutela negoziatuko argudiatuz. Bost hilabete pasa dira azken greba deialditik, eta mahai negoziatzailera ez dute inolako aurrerapausorik eraman euren proposamenean. Langileok akordio batetara heltzeko borondate irmoa dugu; zoritxarrez ez dut ikusten jarrera hori ez patronaletan ez eta Hezkuntza Sailean”.

“Ardura patronalena eta Hezkuntza Sailarena da”

Zubizarretak ulertzen du familien ardura. Sindikatuek guraso elkarteekin biltzeko asmoa berretsi dute. “Guk argi utzi dugu biltzeko eta benetan negoziatzeko prest gaudela. Baina, bestaldean? Hona ez gara egun batetik bestera iritsi. Hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe”.

“Gure lan baldintzen alde borrokan ari gara, noski, baina ez hori bakarrik, kalitatezko hezkuntza baten alde ere ari gara mobilizatzen. Lortzen ditugun hobekuntzak ikasleen eta hezkuntzaren mesedetan izango dira. Langileon aldarrikapenak bidezkoak eta zentzuzkoak dira. Bada garaia gatazkari amaiera emango dion akordio bat lortzeko. Sindikatuok prest gaude, deitu gaituzten bilera guztietara joan gara, askotan amarru hutsak zirela jakinda ere. Benetan hitz egin nahi badute, badakite non gauden”.

 

Hitzarmena berritzeko aldarrikapen nagusiak:

Enplegua:

  • Enpleguari eusteko hitzarmen bat sinatzea, eta itxi behar diren ikasgeletako langileak beste lanpostu batzuetara aldatzea.

Soldatak:

  • Erosahalmena berreskuratzea
  • Parekatzea DBH1eko eta DBH2ko irakasleen soldatak

Lanaldia eta lan-kargak:

  • Irakasleei dagokienez, egiazki jartzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko ordu osagarriak, eta jarduera ez-presentzialeko 70 ordu onartzea.
  • Lanaldia murriztea Administrazio eta Zerbitzuetako langileei
  • Lanbide Heziketa: lanaldiaren banaketa adostea

Hobetzea talde bereziki prekarizatuen eta feminizatuen lan-baldintzak:

  • Hezkuntza Laguntzako Espezialistak: irakaskuntzako jardueratzat jotzea haien lana, onartzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko ordu osagarriak, lanaldiaren banaketa erregularra irailaren 1etik ekainaren 30era eta abar.
  • Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileak: irakaskuntzako jardueratzat jotzea haien lana, lanaldia murriztea, onartzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko ordu osagarriak

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.