2019-04-08 11:53
Aurreko bi ikasturteetan arrakasta handia izan zuten greba eta mobilizazioak burutu zituzten Hezkuntza Publikoko gainerako kolektiboekin batera baina 2018ko martxoan sektoreko arazoei eta grebara eraman gintuzten aldarrikapenei erantzuten ez zien eta desmobilizazioa ekarri zuen akordioa sinatu zuten LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Eusko Jaurlaritzarekin. Langileek ikasturte berriarekin batera argi ikusi dute beraien egoera ez dela hobetu eta betiko arazo estrukturalak bere horretan jarraitzen dutela.

ELAren Oharra:

Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten dugun sukaldari eta garbitzaileen sektorea teknikoki pribatizatuta dago: jada %90ean pribatizatutako zerbitzua da, pribatizatu gabeko langileetatik %70ak behin-behineko kontratua du eta langileon bataz-besteko adina 55 urtetik gorakoa da. Beraz, argi dago zein den Jaurlaritzaren asmoa gure sektorearekiko: %100ean pribatizatzea. Eta ezer egin ezean denbora pixka bat itxaron besterik ez dauka Hezkuntza Sailak hau gerta dadin, joku zelaia horretarako prest baitauka. Beraz, gure borroka sektorea eta bertako langileak defendatzeko borroka da, bere biziraupena bera eta gure lanpostuak defendatzeko borroka. Sukalde eta Garbiketa zerbitzua publikoa eta langile publikoz osatua izatea dago jokoan.

Bestetik, gurea Hezkuntza Sailaren ardurapean dagoen sektore feminizatu eta prekarizatuena da eta hau ez da kasualitatea. Martxoaren 8ko grebatik hilabete besterik ez da igaro. Orduan Eusko Jaurlaritzak eta babesa ematen dioten alderdiek atxikimendu formala eman zioten greba hari sakoneko aldaketarik planteatu gabe. Izan ere, Jaurlaritzak emakumeon* lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresna paregabeak dauzka eta genero diskriminazioaren aurkako borrokan eredu izatetik urrun, bere ardurapeko arloetan genero diskriminazio egoeren sortzailea da. Honen adibide garbia da gure sektorea: sukaldarien %88a eta garbitzaileen %91 emakumezkoak dira, behin-behinekotasuna %70ekoa da, soldata Eusko jaurlaritzako langileen artean baxuena da eta soldata arrakala nabaria da (Eusko Jaurlaritzan, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala %24koa da), gure lanaren balioa (funtzio eta kategoriak) ez da errekonozitzen eta sektorearen profesionalizazioari uko egiten zaio behin eta berriz (urteetan zehar dohainik eta errekonozimendurik gabe emakumeoi egitea egotzi zaizkigun lanak baitira) eta lanaldi partzialek gure autonomia ekonomikoa ezinezkoa egiten dute (kasu batzuetan 2 orduko lanaldiak ditugu).

Eta azkenik, azken urteetan, krisia aitzakia bezala erabiliz, jada egoera larrian zegoen sektore honetan murrizketa gogorrak ezarri dizkigute: %8 eta %11 bitarteko eroste ahalmen galera ezarri zaigu (23.000€tik gorako galera metatua), ratio eta lan kargak nabarmen handitu dizkigute, ordezkapenik ez da egiten, etab.

Aurreko bi ikasturteetan arrakasta handia izan zuten greba eta mobilizazioak burutu genituen Hezkuntza Publikoko gainerako kolektiboekin batera baina 2018ko martxoan sektoreko arazoei eta grebara eraman gintuzten aldarrikapenei erantzuten ez zien eta desmobilizazioa ekarri zuen akordioa sinatu zuten LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Eusko Jaurlaritzarekin. Ikasturte berriarekin batera argi ikusi dugu gure egoera ez dela hobetu eta betiko arazo estrukturalak bere horretan jarraitzen dutela.

Greba eta mobilizaziorik ez dagoen neurrian Jaurlaritzak nahi duena egiten du. Horren adibide garbia da sukalde eta jantokien kudeaketarekin egin duena. Urtebete iraun duen gardentasunik gabeko jantoki ereduaren inguruko eztabaidan sindikatu bakarrak parte hartzea erabaki du Gobernuak. Eta urte horretan zehar langileok ez dugu foro horretan eztabaidatzen ari zenaren inguruko informaziorik izan, nahiz eta gurekin zerikusi zuzena izan. Prozesu hau amaitu eta prentsaren bidez jakin genuen urtarrilean Jaurlaritzak hartu zuen erabaki berria: jantokien kudeaketa osoa (langileen kontratazioa barne) guraso elkarteen esku uzteko atea zabaltzea. Erabaki honek aurretik jada martxan zegoen pribatizazioari ate berri bat irekitzen zion eta gure lanpostuak arriskuan jarri zituen domino efektu bat sortuz.

Jaurlaritzaren erabaki hau jakin bezain laster eta egoeraren larritasuna eta urjentzia ikusita antolatzen eta batzarrak egiten hasi ginen eta momentu oro batzar hauetan hartu ditugu erabakiak. Prozesu honetan sindikatu guztiekin adostasuna eta mobilizazio amankomunak sustatzen saiatu gara eta esfortzu handia jarri dugu honetan, guretzat garrantzitsua baitzen, baina ELA izan da mobilizatzea erabaki duen sindikatu bakarra.

ELAren greba deialdiei esker, eta greba erregistratu eta astebete ere pasa ez zenean, Gobernua mugiaraztea lortu genuen baina langileok greba deialdiak berretsi genituen Jaurlaritzak ez baitzien gure aldarrikapenei erantzunik eman eta sukalde eta jantokien kudeaketa guraso elkarteen uzteko proposamena bera ere ez baitzuen bertan behera utzi, atzeratu baizik.

Martxoaren 13an eta 28an %50etik gorako jarraipena izan zuten bi greba egun egin genituen, baina Jaurlaritzaren aldetik ez dugu erantzunik jaso eta beraz, greba eta mobilizazioak areagotzea beste irtenbiderik ez dugu izan. Horrela, aste honetan astebeteko greba burutuko dugu.

Gure aldarrikapenak honakoak dira:

  • PRIBATIZAZIORIK EZ! Jada %90ean pribatizaturik dagoen sektorearen biziraupena defendatzeko neurriak eskatzen ditugu: gure lanpostuak arriskuan jartzen dituen jantokien kudeaketa eredu berri hau bertan behera uztea, eskola publikoetan sukalde eta langile publikoak mantentzea, eraikin berrietan sukalde eta langile publikoak bermatzea eta sektorearen profesionalizazioa betetzen ditugun funtzio eta kategorien aitortzarekin.

  • KONTSOLIDAZIO PROZESU ADOSTUA: Ehunka gara behin-behineko kontratuekin urteak daramatzagun langileak. Urtero geroz eta gehiago. Prekarietate izugarri honekin amaitzeko eta behin-behinekotasuna %6ra jaisteko Jaurlaritzari exijitzen diogu sindikatuekin mahai negoziatzailean adostutako kontsolidazio prozesu bat, urteetan zehar gure gaitasun eta profesionaltasuna gogotik demostratu dugun ehunka langile finkatzeko.

  • MURRIZKETA ETA LAN BALDINTZA PREKARIOEI EZ! Azken urteetan krisia aitzakiatzat hartuta egindako murrizketei buelta eman eta sektoreko prekarietateari aurre egiteko neurriak eskatzen ditugu: galdutako eros-ahalmena berreskuratu, soldata arrakalarekin amaitu, lan karga eta ratioak gutxitu eta lanpostuak gehitu, jardunaldi partzialak osatu eta Lanpostu Zerrendan sartu, erretiroa aurreratu eta errazteko neurriak...

Aste honetan zehar mobilizazio ezberdinak burutuko ditugu, garrantzitsuenak gaur bertan 11:30etan Bilboko Eusko Jaurlaritzaren delegaritza aurrean eta ostiralean Gasteizen Lakua aurrean.

Azkenik, garbitzaileen kolektiborako ezarri dituzten aurrekaririk gabeko gehiegizko zerbitzu minimoak salatu nahi ditugu.

Jaurlaritzari sektore honen aldeko apustua egin eta sektorearen biziraupenerako oinarrizkoak diren gure aldarrikapenei erantzuteko eskatzen diogu eta gainerako sindikatuei gure greba eta mobilizazioetara gehitu daitezen deia luzatzen diegu. Erantzunik ezean, ez dugu greba eta mobilizazioak areagotzea beste biderik izango datozen hilabeteetan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.