2020-09-08 18:36
Sindikatuak Hezkuntza Saileko Prebentzio zerbitzuei bi idatzi helarazi dizkio jada. Heziketa Bereziko langileen EPIak ez direla ikastetxeetara garaiz iristen ari salatuz bata eta Lanbide Heziketako zentru batean positibo eman duen langile batekin harremanetan egon diren langile guztiei PCR frogak egitea eskatuz bestea.

ELAk, hezkuntzan ordezkaritza duten gainerako sindikatu guztiekin batera, hilabeteak daramatza  aurrez aurreko ikasturte hasiera seguru bat bermatzeko Hezkuntza Sailaren planifikazio falta eta inprobisazioa salatzen. Baita osasuna bermatzeko, zein pandemiak zein konfinamendu egoerak areagotutako hezkuntza beharrei erantzuteko  ahalik eta  neurri eraginkorrenak hartu ahal izateko beharrezko baliabide hornikuntza egiteko borondate falta ere.

Hilabeteak izan dituen arren neurri eta baliabide hauek planifikatu, adostu eta ahalbidetzeko, hezkuntza sailak ez du segurtasun distantziak mantentzea edota garbiketa neurriak muturreraino eramatea bermatuko duten espazio planifikaziorik, langile kontrataziorik, edo ratio jaitsierarik  aurreikusi, partekatu, arautu eta ahalbideratu.

Ikasleekin aurrez aurreko eskolak hasi eta lehenengo egunetan ELA sindikatuak Hezkuntza Saileko Prebentzio zerbitzuei bi idatzi helarazi behar izan dizkio jadanik. Bata, Heziketa Bereziko langileen EPIak ikastetxeetara garaiz ez direla iristen ari salatuz. Horrela lehenengo egunotan ugari izan dira beraien kabuz FFP2 maskarilak, erabili eta botatzeko eskularruak, pantailako biserak edota botatzeko mahuka luzeko mantalak erosi behar izan dituzten langileak eta ikastetxeak. Bestea, Gasteizko Lanbide Heziketako zentru batean positibo eman duen langile batekin ikasturtea prestatzeko bilera eta ekimen desberdinetan harremanetan egon diren langile guztiei PCR froga egitea eskatzeko.  Langileei eman zaien hasierako jarraibidea, PCR froga langile honekin autoz ikastetxera joan diren bi lankidera mugatzea izan baita.

Gure eskoletan kutsatze arriskua minimoetara eramateko behar besteko neurriak hartzea ezinbestekotzat jotzen du ELAk. Zentzu honetan,  Hezkuntza Sailak osasun neurriak bermatzeko baliabideak planifikatu, eta lehenbailehen helarazi eta abian jarri ezean, gure eskoletan kutsatze arazoak aurrikusgarri direla salatzen du sindikatuak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.