2020-10-30 17:15
Irakasle funtzionarioen mahaian ere agerian utzi du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hitzez negoziaketarako borondatea adierazten badu ere bere ekintzak bestelako norabide batean doazela. ELAren aburuz ez dago ez negoziaketarako borondaterik, ez gure eskoletan covid19ari osasuna eta hezkuntza bermatuz aurre egiteko planifikazio, neurri zein baliabide aurreikuspenik ere.

Gaurko irakasle funtzionarioen mahaian Hezkuntza Sailak ez du covid19aren aurrean gure eskoletarako planifikazio, neurri zein baliabideen inguruko negoziaketarako inolako asmorik erakutsi.  Egoera epidemiologikoa gero eta gehiago konplikatzen ari bada ere, badirudi ez duela gure eskoletan ikasturte honetan osasuna zein hezkuntza prozesuak bermatzeko plan, neurri eta baliabide gehigarririk jartzeko eta langileon ordezkariokin partekatu zein negoziatzeko inolako asmorik. ELA izan da gaurko bileran jarrera hau salatu eta sailari arduraz jokatuz pandemiaren lehenengo fasean izandako jarrera ez errepikatzeko galdegin dion sindikatu bakarra. Etor daitekeen egoeraren aurrean, pisu guztia berriro ikastexeetako zuzendaritza, langile zein familien gainean uztea oso larria litzatekeela ere adierazi diogu.

2020ko Bigarren Hezkuntza eta Labide Heziketako EPEaren inguruan idatzizko eta ahozko proben datak urtarrilak 23, 24, 30 eta 31 izatea erabaki duela ere jakinarazi digu. Sindikatu guztion iritziaren kontra, proba hauek 2021 ikasturteko ekainera ez atzeratzeko aldebakarreko erabakia hartua zuen apiriletik eta  abenduan egiteko asmoa publikoki adierazita. ELAtik, hautagaiak azken momenturarte erabateko ziurgabetasun eta ezjakintasun egoeran eduki dituela salatu dugu eta proba datetan  konfinamendu egoeran egon daitezkeen hautagaientzat prozesuan parte hartu ahal izateko alternatibak hauen esku jartzeko galdegin.  

2021-2024 bitarte 3.200 lanpostuko EPE deialdiak abian jartzeko asmoa ere adierazi digu. Berri hau atzo komunikabideen bidez jada ezagutzera eman izanak, argi erakusten du gaurko mahaira inolako negoziaketarako asmorik gabe etorri dela Saila gai honetan ere. ELAtik adierazi diogu planteatzen duen lanpostu kopurua oso urria dela irakasle funtzionarioen artean dagoen behin behinekotasuna sindikatuok aldarrikatzen dugun %6ra jaisteko; %40tik %35 ingurura jaistea soilik suposa dezakeela kasurik onenean. Baita, erreposizio tasak gainditu zein datozen EPEetan milaka behin behineko langileren bermedun kontsolidazio prozesuak langileon ordezkariokin adostu eta abian jartzea exijitu ere.

Hezkuntza sailak orain negoziatu beharreko gai hauek guztiak erabakita eta itxita ekarri ditu, sindikatuoi informazioa igortzera mugatuz beste behin ere; Negoziaketa itxura emateko asmoz berriz, Lan Hitzarmena errepasatzeko ekainerarteko egutegi bat planteatu du, ustez Lan Hitzarmen berria adosteko asmoz. ELAk aurreko Lan Hitzarmena hainbat gaietan oraindik murriztuta eta bete gabe dagoela gogorarazi du, soldata murrizketa, jubilazio primak edo Itzarriko ekarpenak bestean beste. Baita Hitzarmen berri bat sinatzeko aurrekoa bete beharra ezinbestekoa dela ere adierazi. Aldi berean, bilera hauetara joango garen arren, mamizko edukirik gabeko mahaiei ez diegula babesik emango ere argi utzi dugu.

ELAk Hezkuntza Sailari bereziki egungo pandemia egoeran arduraz jokatzeko, zein langileen ordezkariokin negoziazio erreala abian jartzeko galdegiten dio.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.