2020-03-24 13:11
Mitxel Lakuntza idazkari nagusia ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioan elkarrizketatu dute; bertan egungo abagunearen inguruan sindikatuak egiten duen hausnarketa plazaratu du. ELAko idazkari nagusiak EAEko lehendakari Iñigo Urkulluri erantzun nahi izan dio, bi eredu ezberdinen arteko talka azpimarratuz. “Urkulluk dio ekonomia koma egoeran sartzeko arriskuan dagoela, baina galdetu nahi diogu zer lehenesten duen, ekonomiaren koma edo pertsonen koma klinikoa. Eta orain dagoen arriskurik handiena herri oso bat koma klinikoan sartzea da. Lehentasuna pertsonen osasuna da, guk hori oso argi daukagu”.

Lakuntzak salatu du funtsezkoak diren sektoreetan ez dela bermatzen langileen segurtasuna eta osasuna. “Elikadura, merkataritza, garbikuntza, erresidentziak edo osasungintza bezalako sektoreetan langileon eta herritarron osasuna bermateko neurrien eskasia nabarmena da. Sektore hauetan ez badira gai gutxieneko babes neurri batzuk bermatzeko, are eta gutxiago izango dira oinarrizkoak ez diren beste sektore batzuetan. Dauden baliabide guztiak oinarrizko sektoreetan diharduten pertsonen eta herritarren osasuna bermatzeko bideratu behar dira”.

Italiara begiara ere jarri da Lakuntza. “Gertuen daukagun erreferentea da. Han neurri gradualak hasi ziren ezartzen, eta orain onartu dute akats bat izan zela, hasieratik hartu behar izan zituztela neurri zorrotzagoak. Horrela, dagoeneko jarduera ekonomiko oro etetea agindu dute, noski, oinarrizkoak diren sektoreak salbu. Hemen neurriak era gradual batean ezartzearen atzean patronala dago, euren interes ekonomikoak lehenesten dituztelako pertsonen osasunaren aurretik”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.