Hiruhileko honetan zertxobait gora egin duen arren, enpleguaren kalitateak ez du hobera egin. Behin-behinekotasunak EBko batez bestekotik gora jarraitzen du, %19,5 EAEn eta %17,2 Nafarroan, ia aldaketarik gabe aurreko hiruhilekoaren aldean. Emakumeak dira berriz ere prekarietate horretan kaltetuenak, %22ko behin-behinekotasunarekin; gizonen kasuan, berriz, %15ekoa da. Bereziki kezkagarria da EAEko sektore publikoaren egoera, behin-behinekotasuna %41era iristen baita.
Horri gehitu behar zaio lanaldi partzialeko kontratuen kopuru handia, beste prekarizazio modu bat dena. Hego Euskal Herrian, okupatuen %16k baino gehiagok kontratu partzialak dituzte, eta emakumeen kasuan ehunekoa %25etik gorakoa da. Aipatzekoa da kontratu horietako asko ez direla borondatezkoak, lanaldi osoko enplegua lortzeko ezintasunaren ondorio baizik.
Langabeziari dagokionez, bigarren hiruhilekoan 103.600 langabe daude Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 4.500 gutxiago. Jaitsiera hori EAEn izandako hobekuntzari zor zaio soilik, 6.500 langabe gutxiago baitaude; Nafarroan, berriz, 2.000 langabe gehiago daude.
Hego Euskal Herriko langabezia %7,4 ingurukoa da. Hala ere, dena ez da positiboa, gazteak dira gehien zigortutako kolektiboetako bat, gazteen langabezia %24,3koa baita EAEn eta %22,2koa Nafarroan.
Oro har, ezin dugu datu positiboez hitz egin. Azken hiruhilekoan langabezia behera egin eta okupazioak gora egin badu ere, urte arteko enplegu galera, batez ere EAEn, oso kezkagarria da. Horri gehitu behar zaio konpontzen ez den errealitate estrukturala: prekarietateak lan merkatuan irmo jarraitzen du, eta bereziki emakumeei, gazteei eta sektore publikoari eragiten die.