2019-02-22 13:23
Langileek kontzentrazioa egin zuten otsailaren 21ean Eibarren mahai negoziatzailea burutzen zen bitartean, edukiz betetako negoziazioaren alde. Haurreskolak Partzuergoko kudeakta langileak urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean: ez dute lanpostu zerrendarik, %100 behinbehinekoak dira, ordezkapenak bete beharrean langileak arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez, Hezkuntza Sailarekiko, bataz beste, 2 kategoriako aldea dute honek sortzen duen soldata arrakalarekin, etab.

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen.  Baina zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen. Akordioa sinatu zenetik ia urtebete pasa denean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak oraindik ere ez die erantzunik eman langile hauek bizi duten egoera prekarioari, ezta mahai gainean negoziazio seriorik jarri ere.

Egoera honen aurrean, Kudeaketa langileak pasa den abenduaren 4tik mobilizatzen ari dira (lanuzteak, jardun osoko 3 greba egun...) eta atzo, mahai negoziatzailea burutzen zen bitartean elkarteratzea egin dute Haurreskolak Partzuergoko egoitzan.

Greba eta mobilizazio hauek sortutako presioaren ondorioz soilik, eta akordioa sinatu zenetik lehen aldiz, negoziatzen hasteko proposamenak mahaian jarri ditu enpresak. Atzoko negoziazio mahaian, eta kanpoan langileak kontzentrazioa burutzen ari ziren bitartean, ordezkapenen eta barne sustapenaren inguruan benetako negoziazio bat eman zen lehen aldiz eta aurrerapauso batzuk egon ziren.

ELAk oso garbi du, proposamen hauek mahai gainean mobilizazioei esker daudela eta baita edukiz betetako negoziazioa mobilizazioekin batera etorriko dela ere, 15 urteren ondoren, Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuegoak greba eta lanuzteek sortutako presioaren ondorioz soilik hasi baitira langileen aldarrikapenak negoziatzen. Eta beraz, aurrerapauso hauek positiboki baloratzen ditugun arren, borrokan eta mobilizatzen jarraituko dugu edukiz betetako negoziazio serio bat eman dadin, eta kudeaketa langileen aldarrikapenak lortu eta Partzuergoari betearazi arte. Argi ikusi baitugu hori dela bide bakarra.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.