2019-09-16 17:31
Euskal Herriko Harro! Plataformak LGTBI+ kolektiboaren instrumentalizazioa salatzeko manifestazioa deitu du irailaren 21erako Bilbon. Neoliberalismoak LGTB+ borrokarekiko duen estrategia salatu nahi dute, alegia, Pinkwashing ere deiturikoa, Euskal Herri osora hedatzen ari den ibilbide orria. Izan ere, plataformak azaldu duenez, lesbiana, maritxu, eta trans pertsonen izena erabiltzen ari da sistema, bazterretatik ateratzea lortu ez duten beste kolektiboei aplikatzen dizkien politika baztertzaileak estaltzeko, alegia, LGTB+ kolektiboa erabiltzen ari da sistema bere aurpegia zuritzeko. Horren aurrean planto egiteko Bilboko kaleak betetzeko deia egin dute. ELAko Batzorde Nazionalak bat egin du deialdiarekin.

EPOA-k (Pride Organisers Association), irailaren 19tik 23ra 2022ko Europridearen bilera antolatuko du Bilbon. Oraingoan, Bilbo, Europridearen hautagaitzan ez badago ere, elkarte honek defendatzen duen eredu asimilazionista eta merkantilistari aurre egiteko beharrean gaude.

Neoliberalismoak LGTB borrokarekiko duen estrategia, Euskal Herri osora hedatzen den ibilbide orria da. Pride-aren antolaketak edo nazioarteko egitasmoak horren adierazle dira, baina badira aurrera begira ikus ditzakegun beste hainbeste ekimen: Hotel Gay-en inaugurazioak, zenbait elkarte “lagunen” hegemonia instituzioetan…

Harro! Plataforma osatzen dugun LGTBI+ elkarteok kezkatuta gaude instituzioak, LGTBI+ elkarte batzuen laguntzarekin, inposatzen ari diren ekimen hauen aurrean. Gure izena erabiltzen dute; lesbianen izena, maritxuen izena eta trans pertsonena, bazterretatik ateratzea lortu ez duten beste kolektiboekiko aplikatzen dizkieten politika baztertzaileak estaltzeko. Pridea-ren antolaketaren turismo estrategiak hiriak eskaparate hutsetan bihurtzen ditu; alegia, parekidetasun eza, prekaritatea, pobrezia, bazterketa estaltzen duten parke tematikoetan. Beste makroekitaldi bat beraien “citymarketing” ekintza eta estrategien zerrendarako!

Zer esan kolektibook bizi dugun eta gure borroka historiak bizi duen isilarazpenaz. Moralismo erlijiosoaz edota ezjakintasunaz zipriztindutako boterea beti saiatu baita gu desagerrarazten.

Orain, limiterik gabeko kapitalismoak merkatu-hobian bihurtzen gaitu eta ez dute zalantzarik ehun milaka euro inbertitzeko GAYfriendly turismoa sustatzeko. Eta Gay esaten dutenean gay maskulino, zis eta txuriari egiten diote erreferentzia, izan ere, euren interesetan ez dutelako lekurik lesbianek, edo %85eko langabezia pairatzen duen trans kolektiboak, ezta errefuxiatuenak ere.

Instituzioek jendarte eta hiri eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista sustatzen duten bitartean, zabalera eta tolerantzia irudia sortzeko LGTB+ kolektiboaz egiten duten erabilera salatzen dugu. Ez dugu prekarizatzen eta gentrifikatzen duen gayfriendly turismoa nahi. Ez gure izenean. Ez dugu onartuko gu marka batean bihurtzea!

Borroka bat onura ekonomiko eta interes politikorako xurgatzeko saiakera ez da berria, ez gure ez beste mugimenduetan ere: feminismoa edo ekologismoa era berdintsuan konbenientziaz erabiliak dira enpresa eta instituzioen aldetik. Neoliberalismoaren erasoen aurrean zutik agertzen diren eragile sozial eta kolektiboekin sareak eta aliantzak ehundu nahi ditugu.

Asko gara borroka hau norekin txortan egiten dugun, edota gure genero adierazpena eta identitateak zeintzuk diren horren inguruan ez doalaz aspaldi ohartu garenak. Aitzitik, borroka hau zapalkuntza sistema desberdinek egozten dizkiguten kokapenen inguruan doa.

Kapitalismoaren aurkako fronte guztien batasunera deitzen dugu. Harrotasuna ez dagoela salgai ozen eta argi entzun dezaten, Euskal Herritarrak irailaren 21ean Bilboko Arriaga Plazatik 17.30etan aterako den manifestazio orokorrera deitzen ditugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.