2020-05-22 11:13
ELAk azpimarratzen du langileek %6ko soldaten igoera, ultraaktibitatea, eta eskatzen zituzten egutegi eta oporrak lortu dituztela, covid19 garaiotan ere negoziazio kolektiboak fruituak ere ematen dituela erakutsiz.

Makailu salmentan, errezetetan eta tratamenduetan espezializatuta dagoen zazpi langileko enpresa lesakar honetan 15 greba egun ditu zituzten jada covid-19ak eragindako konfinamentu aurretik. Martxoaren 10an ziren greba hastekoak lan baldintzak hobetzeko negoziazioak berraktibatzeko asmoz, denbora baitzeramaten ez aurrera, ez atzera. Baina pandemia iritsi zenez, greba bertan behera uztea erabaki zuten osasuna eta segurtasuna lehenetsiz.

Dena dela, denborak aurrera egin ahala, osasun krisia leunduz zihoala eta maiatza hasieran deseskalada prozesuan sartuta, maiatzaren 18rako greba mugagabea deitzea erabaki zuten. Deialdi horren aurrean enpresa mugitu egin da eta greba hastear zela akordioa lortu da langileen ordezkariaren (ELAkoa) eta zuzendaritzaren artean.

Hauek dira akordioaren eduki nagusiak:

Indarraldia eta ultraaktibitatea:

- Hitzarmenak 2020ko urtarrilaren 1etik 2022ko Abenduaren 31ra arteko balioa izango du, eta ultraaktibitatea dauka, hau da, hurrengo akordioa sinatu arte indarrean izando da.

Soldata igoerak:

- 2020: %1,5eko soldata igoera, gehi 976,5 euro bermatuak distantzia plusetan (guztira %6ko igoera urteko-soldatean)

- 2021 eta 2022 urteetan: Sektore hitzarmenak jasotzen duena.

Egutegi eta oporrak: langile gehienek eskatzen zuten erregulazioa.

Langileei ezarri zizkieten santzioak bertan behera uztea.

ELAren iritziz aipatu akordioak, covid-19 garaian ere langile klaseak arduraz jokatzen duela erakusten du, osasun eta lan segurtasun neurriak lehenetsi baitira greba eskubidea gauzatzeko garaian. Agerian gelditu da ere, garai nahasiak izan arren Negoziazio Kolektiboari ekin ahal zaiola eta langilegoaren lan baldintzak hobetu daitezkeela, baita enpresa txikietan ere.

ELAk zinez zoriontzen ditu Eguillor-eko zazpi langileak, eredu bilakatu baitira covid-19 garaiotan negoziaketa prozesuetan dabiltzan edo negoziatzen hasi behar duten langile guztientzat.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.