2019-05-23 19:16
Maiatzak 30ean Lan Harremanen Kontseiluan izango den bilera batera dituzte Gizarte Ekimeneko sindikatuek patronala eta Hezkuntza Saila "bakoitzak daukan ardura bere gain hartuz, zintzotasunez jokatu eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamendu eta proposamenak ekartzera gonbidatuz; izan ere, maiatzak 8 eta 9ko greben ondoren ez da inolako harremanik izan sindikatu eta patronalaren artean. Arratsaldean manifestazio jendetsua egin dute Bilbon Gizarte Ekimeneko langileek.

 Sindikatuen oharra:

Martxoak 25eko mahaiaren aurretik, patronalak sindikatuokin izandako aldebiko bileretan, adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamendu batzuk egitera iritsi zen; mahai negoziatzaile hartan aurkeztu zuten proposamena ordea, planteamendu haietatik aldendutakoa eta onartezina izan zen. Gainera proposamen hura definitibo eta aldaezin bezala aurkeztu zuten.

Jarrera itxi haren aurrean, sindikatuok akordio puntuak non zeuden jasotzen zuen dokumentu bat helarazi genien bai patronal bai hezkuntza sailari ere; ez batak eta ez besteak ez zigun erantzun ordea; beraz egoera desblokeatzeko asmoz bilera batetara deitu genituen LHKan. Sektoreko patronal nagusiak, K.E.ak alegia, bilerara joan ere ez egiteko erabakia hartu zuen, erabaki hura justifikatzeko aitzakia gisa, apirila eta maiatzerako deituta genituen grebak abian zirela erabiliz. Horrela, hezkuntza sailari ere bilerara ez joateko argudioa emanez.

Apirileko greba egunen ondoren eta maiatzeko greben bezperetan, beste behin ere Kristau Eskola patronalak sindikatuon aldetik adostasunak erdiesteko egindako saiakerak zapuztu zituen. Horrela, ustez diskretoak izaten ari ziren elkarrizketa batzuen berri eman zuen, eta gatazka bideratzeko sindikatuok helarazitako ildotik erabat urruntzen den proposamen bat zabaldu zuen ikastetxeetan, oraindik sindikatu denei helarazi gabe eta sindikatu bakar baten erantzunik ere jaso gabe. Argi dago, fede txarrez eta langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburu soilarekin jokatu zuela berriro ere patronalak, langileen, ordezkarien eta sindikatuen artean nahasmena eta hausturak bilatu nahian adosasunak baino gehiago.

Hezkuntza Sailak berriz, gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzen du, eta Otsailean Legebiltzarrak gatazkaren irtenbidean inplikatzeko egindako eskaera ez betetzen. Hezkuntza laguntza espezialisten inguruan esandakoak esan, sindikatuoi ez digute inolako berririk eman, eta patronalak egindako proposamenak bere horretan jarraitzen du. Birkokapenaren inguruko planteamenduan ere ez da aldakaterik egon, mahai gainean jarritakoak birkokapenik bermatu gabe jarraitzen du beraz.

Maiatzak 8 eta 9ko greben ondoren beraz, ez patronal ez Hezkuntza sailaren aldetik ez da langileen eskaererei erantzunez gatazka bideratzeko planteamendu edo proposamen desberdin eta berririk egon.

Egoera honen aurrean, sindikatuok gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazkan langileen eskaerei erantzuna emango dion negoziazioa bideratzeko asmoz, hezkuntza sailburua eta patronalak datorren Ostegunean arratsaldeko 16.00tan Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan izango den bilera batetara deitzen ditugu berriro ere; bakoitzak daukan ardura bere gain hartuz, zintzotasunez jokatu eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamendu eta proposamenak ekartzera gonbidatuz.

Hala ari zaizkie eskatzen behin eta berriro kalera ateratzen ari diren Gizarte Ekiemeneko ikastetxeetako milaka langile, gaurko Bilboko manifestazioan argi geratu den bezala. Horrela izan ezean, mobilizazioekin jarraitu eta grebak indartu beste biderik ez digute utziko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.