2022-05-10 10:25
ELAko langileen 258 greba eguna izango da Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Hurrengo negoziazio mahaian ez bada inolako proposamenik, ELAk mahaia utziko du

Proposamenik aurkeztu gabe jarraitzen dute Gipuzkoako Erresidentzietako patronalek. Atzo egin zen bigarren mahai negoziatzailea, eta esku hutsik azaldu ziren, ELAk aldez aurretik edukiak eskatu bazien ere. Horregatik, mobilizazioei eutsi diete langileek: maiatzaren 19an egingo dute 258. greba eguna. Eta patronalak negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu, ELAk ohartarazi nahi du ez duela bertan parte hartuko.

Gogoratu dezagun orain bost urte hasi zela Gipuzkoako adinekoen egoitzetako negoziaketa, eta greba hasi zenetik lau urte pasa dira. Egoera honen aurrean, ELAk bilera batera deitu zituen patronalak eta Aldundia, gatazkari irtenbidea bilatzeko. Bilerara patronalak bakarrik joan ziren eta negoziazio mahaia deitzea erabaki zen. Atzo abiatu zen etapa berri hori bigarren negoziazio mahaiarekin. Baina patronalaren borondate falta begi bistan geratu da, lotsagarria dena. Konponbidea lortzeko proposamenak aurkeztea gutxienekoa baita.

Hurrengo negoziazio mahaia maiatzaren 20an egingo da, eta patronalak bere horretan jarraitzen badu, ELAk garbi du parte hartzeari utziko diola. Ez da negoziazio itxurakerietan arituko. ELAk beti erakutsi du negoziatzeko borondatea, baina horretarako parte hartzeileen konpromisoa behar da, baita edukiak ere.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari gogorarazi behar zaio gatazka honetan daukan erantzunkizuna behingoz bere gain hartzeko garaia duela. Aldundiari dagokio patronalei proposamenak aurkeztu ditzaten eskatzea, zabaldu den abagunea aprobetxatzeko. Gogoratu dezagun azken erantzukizuna Diputazioarena dela, eta sektoreko langileengan eta egoiliarrengan pentsatzeko eskatzen die sindikatuak.

Horregatik guztiagatik, ikusita Aldundiak eta patronalek daukaten jokaera, adinekoen egoitzetako ELAko langileek greba eguna egingo dute maiatzaren 19an.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.