Osakidetzako Sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Ospitale eta Osasun Zentro ezberdinetan, behin-behinekotasun neurrigabea, kudeaketa tresnen pribatizazioa eta horrek giza baliabideen kudeaketa prozesuetan dituen ondorio larriak salatzeko, zerbitzu honetako langileen lana pikutara botaz. Osakidetzak egonkortzeko EPEa 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebazteko legezko betebeharra zuen, 6 hilabete geroago ebatzi gabe jarraitzen du.
Sindikatuek salatu dutenez, gaur egun Osakidetzako plantillari eragiten dioten hautaketa eta hornikuntza prozesu guztiak atzerapenak jasaten ari dira, eta kontratazio zerrendetan akatsak daude, kontratuen esleipenari eragiten diotenak. Gainera, horien kudeaketa kaotikoa izaten ari da, eta horrek eragin zuzena du Osakidetzako kudeaketa zerbitzuko langileen lan-baldintzetan.
- EPE: egonkortzeko EPEak 2024ko abenduaren 31n amaituta egon beharko luke, legeak ezartzen duen moduan. Sailburuak prozesu berriak iragartzen jarraitzen duen bitartean, plantillaren zati batek oraindik ez daki noiz hasiko den lanean bere lanpostuan, eta beste plantillaren zati batek ez daki noiz amaituko den bere kontratua langile finkoak lanean hasteagatik.
- Kontratazio-zerrendak: kontratazio-zerrendak kudeatzen dituen tresnaren (Deloitte) pribatizazioak kaosa eragin du zerrenden kudeaketan. Horrek eragin zuzena du kontratazioetan, eta pertsona batzuek eskubidea izango luketen kontratuak galtzea eragiten du. Horri deitzen diote batzuek “lankidetza publiko-pribatuaren onurak”.
- Lekualdatze-lehiaketa: Osakidetzak denbora darama lekualdatze-lehiaketa prozesurik deitu gabe, Osakidetzaren araudiaren beraren kontra. Gainera, berriki egin direnak kategoria jakin batzuetarako izan dira soilik, eta ez guztietarako.
Hori dela eta, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK eta USAE sindikatuek elkarretaratzea egin dute Osakidetzako zentroen aurrean, berehalako konponbideak exijitzeko eta behin-behinekotasun tasa murrizteko eta prozesu ezberdinen kudeaketa modu eraginkorrean antolatzeko, hori guztia langileen eskubide guztiak bermatuz.