2020-05-21 11:11
ELAk deitoratu egin du Udalak maniobra pandemia bete-betean egin izana, "Horrelako neurri batek merezi duen erantzuna saihesteko asmo argiarekin". Beste behin ere, Gasteizko Udalak "made in Basque Country neurriak" aplikatzen dituela adierazi du, "Hainbat motatako krisi-egoerak aprobetxatuz, izaera neoliberaleko gizarte- eta lan-eskubideen murrizketak ezartzeko, bere kontuak onbideratzeko asmoz". Gaineratu dute gastu sozialari eusteko eta lan-eskubideetan atzera egiteko eredu horrek areagotu baino ez duela egiten langileen soldaten eta udal-aurrekontuaren onuradun diren enpresen errenten arteko aldea. Maniobra larria dela uste dutenez, murrizketa zuzentzeko eta bertan behera uzteko exijitu diote. Hori egin ezean, beharrezko baliabide guztiak erabiliko dituzte kolektiboa antolatzeko eta udal-langileen lan-eskubideen aurkako eraso berri horri erantzuteko.

Gasteizko alkateak Udalaren hitzarmen kolektiboa bere kabuz indargabetzea erabaki du, osasun-krisi betean borondatezko erretiro-sariak etenda. Murrizketa hori jasan duten langileen artean, udal egoitzetako langileak daude. ELAk gogorarazi duenez, "Kolektibo hori lehen lerroan ari da koronabirusak eragindako osasun-krisiari aurre egiten, eta askotan arriskuan jartzen du bere segurtasun pertsonala dagozkion norbera babesteko ekipamendurik gabe lan egiteagatik, eta hori administrazioen erantzukizuna da".

Erabaki hori, azpimarratu dutenez, gizartean errekonozimendu orokorra ematen zaien bitartean hartzen da, gure erakundeek ere sustatuta, eta hori hipokresiatzat jotzen dute. "Gogorarazi nahi diegu administrazio horiei, eta kasu honetan Gasteizko Udalari, egoitzetako langileek, beren lanaren ondorioz, higadura fisiko eta emozional handia dutela, eta, beraz, kolektibo honek eta beste batzuek erretiro aurreratua hartzeko eskubidea izan behar dutela, horretarako aukera murriztu beharrean, kasu honetan bezala".

ELAk salatu duenez, euskal administrazioek, tartean Gasteizko Udalak, murrizketak ezartzeko Espainiako legedia erabili duten beste batzuetan ez bezala, oraingoan ez dute horren beharrik izan. "Ez dago inolako dekretu edo legerik Gasteizko Udalak, bere kabuz eta asmo txarreko xantaia eta sasi-negoziazioak erabiliz, erretiro aurreratuari buruzko  4  artikulu horiek indargabetu ditzan", esan du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.