2023-06-05 10:27
Ostegunean Agurain parean hil zen garraiolariaren lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egin du ELAk. Hego Euskal Herrian lan istripuz hil den hirugarren garraiolaria da. Guztira jada 22 lan heriotza gertatu dira aurten.

ELA sindikatuak elkarreratzea egin du gaur, ekainaren 5ean, Gasteizko Conde Peñaflorida enparantzan. Ostegunean, Químicas Felices S.L.U enpresako langilea hil zan bere kamioiak istripua izan eta su hartu zuenean. Sindikatuak lan heriotza hori salatu, eta lanean segurtasun eta inbertsio faltak dakarren prekaritatea ere salatu du elkarreratzearekin.

Izan ere, urtero lanean hiltzen diren garraiolarien kopurua handitzen doa dituzten lan baldintza kaskarrengatik. 2022an 6 izan ziren eta 2021ean 8 behintzat. Garraiolari asko autonomoak dira eta honek ere ez du laguntzen segurtasun neurriak bermatzeko unean. Askotan lanordu amaigabeak egin behar dituzte dagozkion deskantzuak errespetatu gabe soldata duina lortzeko. Errepide sarearen egoera traketzak eta ibilgailuen mantenu lanen faltak ere egoera okertu egiten du eta lan-istripuak pairatzeko probabilitatea areagotu egiten du. Gainera, esan beharra dago istripu asko zirkulazio-istripu gisa sailkatzen direla lan-istripu moduan sailkatu ordez, lan-prekaritateak sektore honetan gertatzen diren istripuekin zerikusirik ez balu bezala.

Azkeneko heriotza honekin, jada 22 dira Hego Euskal Herrian hildako langileak. ELAk gogorarazi nahi du zifra horiek onargaitzak direla. Enpresek segurtasun neurri guztiak bermatu behar dituzte legez, eta erakundeek berme guztiak betetzen direla ziurtatu. Horregatik, ELAk beste behin ere salatzen du, baliabide gehiago eta ikuskatzaile gehiago dituen lan-ikuskaritza bat behar dela, enpresetan segurtasun-neurri egokiak bermatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.