Hezkuntza Sailaren borondate ezarren aurrean, grebak izan dira eskola publikoa osatzen dugun langileen lan-baldintzak zein eskola publikoaren beraren baldintzak hobetzeko bidea. Hala ere, Hezkuntza Sailak egindako eta gainerako sindikatuek sinatutako hitzarmenak ez ditu grebalariek aldarrikatutako eduki nagusiak jasotzen:
· Ratioak: ez dago jaitsiera orokorturik. Bi aldaketa kosmetiko adostu dira: Lehen Hezkuntzan ikastaldeko gehieneko ratioa 23tik 22ra jaistea eta HH-n (2-3 urteak kenduta) adin desberdinetako ikasleen taldekatzeen kasuan gehienezko ratioa ikasle batean murriztea, 20 ikasletik 19ra. Gainerako etapetarako ez da ezer proposatu eta oro har ikasgelak goraino betetzera eramaten duen muturreko ratio politikarekin jarraitzen da.
· Soldatak: Hezkuntza Sailaren azken proposamenak ez du galdutako eros-ahalmena berreskuratzen. Aitzitik, 2025ean ere galtzen jarraitzea dakar eta hurrengo urteetarako ere bide beretik jarraitzen du. Izan ere, KPIari lotu gabeko, baldintzaz jositako, ikasturteka eta ez urteka, eta epe luzeko proposamena baita (2029 artekoa).
• 2025-2026 ikasturtea: %2ko soldata igoera 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztura. %0,5 gehitzeko aukera baldintzatuta (BPGren igoera gutxienez %2koa bada).
◦ 2024ko EAEko KPIa %3,6koa izan da. Irailetik aplikatuko litzatekeen igoera horrek 2025ean %0,67ko igoera suposatuko luke, KPIaren azpitik berriro.
◦ 2021-2025 bitarte galdutako eros-ahalmena %8 ingurukoa izan da. 2025ean gutxienez igoera finko hori bermatu beharko litzateke eros-ahalmena berreskuratzeko.
• 2026-2027 ikasturtea: %2ko igoera finkoa eta %0,5 gehitzeko aukera baldintzatuta (BPGren igoera gutxienez %2koa bada). 2025eko KPIa handiagoa balitz eros-ahalmena galtzen jarraituko genuke.
• 2027-2028 eta 2028-2029 ikasturteak: ikasturte bakoitzerako %1eko igoera finkoa eta %0,5 gehitzeko aukera baldintzatuta (BPGren igoera gutxienez %2koa bada). 2026ko KPIa handiagoa balitz eros-ahalmena galtzen jarraituko genuke.
· Enplegua: Sinatu den hitzarmenak ez du bermatzen behin-behinekotasun tasa erreala %8ra jaistea, are gutxiago %5era. Milaka langilek ordezko izaten jarraituko dute.
· Desburokratizazioa: epe eta neurri zehatzik ez dago irakaskuntza lanaren desburokratizaziorako. Batzorde baten sorrera eta asmo adierazpen orokor bat soilik jaso da.
· Lan osasuna: prebentzio zerbitzua indartzeko neurririk ez dago. Azterketa medikoak ez dira maiztasun nahikoarekin egingo eta ez dago arrisku psikosozialen aurkako plan bermatzailerik.
· Giza baliabide gehikuntza: Sailak ez du sinatutako hitzarmenaren dimentsioa azaldu. Azkenekoz azaldutakoaren arabera, proposatutako baliabide gehikuntzek (orientazio, ongizate emozional edota euskara lantzeko figurei lotutakok) nekez suposatzen dute %1eko gehikuntza.
· Erretiro primak eta Itzarriko ekarpenak: murrizketa horiek mantenduko dira.
Sinadura honek grebekin jarraitzea ekiditen du. Grebei eta grebalariei esker eduki esanguratsuak mahai gaineratu diren arren, dinamikarekin jarraituz gero, langileen aldarrikapenei benetan erantzuten dien akordioa lortuko litzateke. Akordio hobe baterako aukera paregabea galdu da.