2018-06-06 13:33
ELAk azpimarratu du bestelako gizarte-politika posible eta beharrezkoa dela Euskal Herrian, eta auzitan dagoena interesak eta aberastasunaren banaketa dela. Sindikatuak argitu du Europar Batasuneko presio fiskala baino arinagoa dela hemengoa: EB mailan dagoen batez besteko diru-bilketa mailara iristeko urtean 5.052 milioi euro gehiago bildu beharko litzateke Euskal Autonomi Elkartean, eta 1.675 milioi Nafarroan. Bestalde, ELAk Sozietateen Gaineko Zergan gertatzen den iruzurra salatu du berriz ere.

Zergen bilketaren bilakaerari eta gaurko egoerari buruzko txostena aurkeztu du ELAk gaur goizean Bilbon. Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval ikerketa bulegoaren arduraduna eta beronetako kidea den Iñaki Zabaleta agertu dira.

Txostenaren aurkezpenean azaldu denez, azken urteetan injustizia fiskala areagotu egin da. Batetik, zuzeneko zergetan lan-errentei askoz karga handiagoa leporatzen zaielako enpresa- eta kapital-errentei baino; bestetik, aldea urtez urte handiagoa delako. Lan-errentek aitortzen dutena %92,9 osatzen dute EAEn, eta %91,8 Nafarroan. EAEn zerga honetan lan-errentek aitortutako batez besteko sarrerak 23.522 euro dira, hau da, enpresa- eta lanbide-jarduerak dituztenen ia bikoitza (13.654,8 euro). Aldea azken urteetan handitu egin da.

EAEko enpresen %76,8ak Sozietateen Zergan galerak edota urtean 6.000 eurotik beherako etekinak aitortzen dituzte. Datu honek ere agerian uzten du soldatapekoak ez diren errentetan dagoen iruzur fiskal izugarria.

ELAren esanetan iruzur fiskalaren jazarpena funtsezkoa da. Sindikatuak fiskalitatearen debatea hauspotzen jarraituko du. Eta eutsi egingo die bere proposamenei: iruzur fiskalaren jazarpena eta azken hamarraldietan errenta altuei zein kapitalei egin zaizkien jaitsierak bertan behera uztea. Era honetan, Muzek salatu du zerga-politika patronalaren eta kapitalaren interesen arabera erabakitzen dela.

ELAko idazkari nagusiak gogoratu du EAJk bat egin zuela 2011n Zapateroren gobernuak eta PPk adostu zuten gastu arauaren aldaketarekin, zorraren ordaina izan zedin instituzio guztien lehentasuna, aurrekontuko beste sail batzuren kaltetan, esaterako osasuna edota hezkuntza.

 

Irakurri txostena

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.