2019-07-03 13:44
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ELAren demanda onetsi du, eta Euskotren enpresa kondenatu, Itzarrirentzako ekarpenak (Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundea) honela abonatzera: Euskotrenek Itzarriri enplegatuengatik egiten dizkion ekarpenak benetan ordaindutako lansari guztien gainean kalkulatu behar dira, kontzeptu finkoak zein aldakorrak kontuan hartuz, eta ez azken urtean egin duen bezala, kontzeptu finkoen gainean bakarrik kalkulatuz.

Lan-arloko Salak ontzat eman ditu sindikatuaren zerbitzu juridikoen tesiak, eta aldeko epaia eman, borondatezko elkarte horrek bere estatutuetan hala baitakar. Izan ere, bazkide babesleak ekarpenak egin behar ditu kontzeptu finko eta aldizkako guztien gaineko proportzioan. Eta epaian argitu denez, kontzeptu aldakorrak aldizkako kontzeptuen barruan daudela ulertzen da.

Auzitegiak egiaztatu duenez, soldata-izozketaren aurreko urteetan, eta horren barruko urteetan ere bai, kontzeptu finko eta aldakor guztiak kontuan hartuz egiten ziren ekarpenak; baina joan den urtean kontzeptu finkoen arabera egin dira ekarpenak. Enplegatzaileak, bere eginkizunen muga gaindituz, alde bakarretik murriztu du Zuzenbidearen interpretaziotik atera daitekeen langileentzako alderik onuragarriena.

ELArentzat epai hori lorpen handia izan da; zeren, 2018ko soldatatik Itzarriri ekarpenak egin behar zaizkiola onartzeaz gain, gerora begira horrela jasotzen jarraitzeko eredu hori ere blindatu baitu.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.