2019-01-29 17:27
ELAk salatzen duenez, gobernuak gaur onetsi duen Enplegu Publikoaren Lege-proiektuaren bidez sektore publikoko behin-behinekotasunaren tasa handia, %35aren ingurukoa, betikotuko da. Bestalde, proposatu den soldata-igoerari dagokionez erabat urria da, eta 2019ko Aurrekontuen Lege-proiektuan proposaturikoa baino txikiagoa.

ELAk 200 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkion gobernuaren testuari, baina azkenean ez da negoziatu sindikatuekin, eta lau sindikatuok aho betezko gaitzespena eman diogu. Testua, azken finean, aurreko legegintzaldian aurkeztu, eta legebiltzarreko izapidean erretiratu zen testuaren kopia hutsa da.

Jaurlaritzak gaur onetsitako testua:

- Estatuko legeriaren menpean utzi da, euskal esparruari uko eginda.

- Kontuan hartuz behin-behinekotasuna EAEko administrazioen arazo handienetariko bat dela, eta gaurko egunean 40.000tik gora langile egoera prekarioan daudela, lege-proiektu horrek ez dio inolako mugarik jarri, alderantziz, bide eman dio are handiagoa ere izan dadin. Aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabilerari ez zaio mugarik jarri, ezta dauden egiturazko postuak formalki sortzeko baliabiderik ere, Europako auzitegiek egin dituzten ohartarazpenak eta guzti. Proiektuan jaso diren aurreikuspenak balizko finkapen bati begira...

- Ez dute bermatuko finkapen hori, ezta urrundik ere.

- Aplikazio-eremutik kanpo langile asko eta kidego ugariak geratuko dira (unibertsitatekoak ez diren irakasleak, justiziako pertsonala...)

- Finkapenerako berme urriagoa ematen dute, 1989ko Euskal Funtzio Publikoaren Legeak bere 3 eta 4. xedapen iragankorretan jasotzen zena baino, edo Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 4. xedapen iragankorrean jasotakoa baino.

- Administrazioak lan-baldintzak alde bakarretik erabakitzeko, eta akordioak ez betetzeko ahalmena sendotuko da. Beraz, de facto, negoziazio kolektiboaren eskubidea indargabetuko da.

- Enplegatu publikoaren izaera bera, erabakiak hartzeko objektibotasuna eta independentzia, zalantzan jarriko da.

- Ez da apusturik egin zerbitzu publikoak eta pertsonala euskalduntzeko.

Horiek horrela, ELAk eskatzen die legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei Jaurlaritzaren lege-proiektua legebiltzarreko izapidean ezesteko, eta sindikatuekin benetako negoziazioa egin dezala Jaurlaritzari eskatzeko.

Lege-proiektuak dakarren herri-langileen soldata-igoerari dagokionez, oso eskasa dela esan behar da, eta gainera 2019ko Lege-proiektuan zekarrena baino txikiagoa da, non %1,5eko partida bat zetorren Itzarrirentzat, eta beste bat Osakidetzako lanbide-garapenerako, hori baitzen Sanchezen gobernuak bere Errege Lege-dekretuan finkaturiko gutxienezko maila.

ELAk biziki eskatzen die Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei lan-baldintzetan egindako murrizketa guzti-guztiak lege berrian lehengoratzeko eta galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, %15aren ingurukoa.

Honekin batera, Itzarrirentzako ekarpen guztiak berrezartzea; eta baita erretirorako primak eta lanbide-garapena ere sektore guztietan.

Aurrekontu-partida bat ahalbidetzea, benetako negoziazio-prozesu bat hasteko, eta aldi baterako egoeran dauden milaka langileren lanpostuak berehala finkatzeko.

Azkenik, ELAk Itunpeko hezkuntzaren gatazka ito-puntutik ateratzea eskatzen du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.