ARGIA.eus

2019ko uztailaren 20a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-01-25 13:07
Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, urtarrilaren 29an irakurketa bakarreko legegai bat eramango dute Legebiltzarrera (prozedura hau ez da batere demokratikoa), hain zuzen, atzera bota zioten aurrekontu-proiektuko zenbait puntu garatzeko aukera emango dion lege proposamena. Lege horrek eragina izango luke Eusko Jaurlaritzako langileen soldataren igoeran, DSBEaren zenbatekoan eta itunpeko Irakaskuntzarako kontzertuen eguneratzean.

Lehenago ere ELAk salatu zuen Urkulluren gobernuak plazaratu zuen aurrekontu-proiektuak murrizte politikaren jarraipena zekarrela. Jaurlaritzak Rajoyren gobernuarekin hitzartu zuen gastu-araua beteko zuela; honek administrazio guztien 2019ko aurrekontuaren igoera mugatu egiten du %2,7 nominalera, hau da, ekonomiaren eta zerga-bilketaren hazkundearen azpitik. Aurrekontuak, beraz, gastu-araua aintzat hartzen du, Ogasun sailburuak esanagatik hark eskuburdinak jartzen zizkiola; haatik, adierazi zuen filosofiarekin bat zetorrela ere.

Gastu-araua betetzearen ondorioak:

  • Biltzen den dirua gehitu arren, aurrekontuetara bideratzen diren baliabideak oso mugatuak dira, eta azken urteetako murrizketei jarraipena ematen zaie.
  • Beharrizan sozial hazkorrak ez dira osatzen. Zerga bidez diru gehiago bilduta ere ez da gastua gehitzen; ondorioz, superavit handia lortzen du gobernuak, zorra kitatzeari lehentasuna emanda.
  • Zerbitzu publikoen kalitatea gero eta kaskarragoa da. Europar Batasunaren azken postuetan gaude Osasunean eta Hezkuntzan gastu publikora doan aberastasun zatiari dagokionez.

Proiektuan jasotako neurriez zehaztasun handirik ez dagoen arren, aurrekontu-proiektuan soldatei, DSBEaren kopuruari eta hezkuntzako kontzertuei buruz esaten dena aintzat hartuta, ELAk honakoa adierazi nahi du:

  • %2,25eko soldata igoera ez da Eusko Jaurlaritzaren eremuko negoziazio-mahaietan erabaki. Beraz, berriz ere inposizioa nagusi da, administrazioko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen delarik. Bestalde, gogoratu beharrekoa da Eusko Jaurlaritzarentzat lanean diharduen pertsonen eros-ahalmenak azken urteetan %13tik gorako galera izan duela, hau da, Eusko Jaurlaritzak espainiar gobernuari men egin dio; are okerrago, oraingoan erabaki dute Estatuan ezarritako parametroen arabera egin zitekeen igoerarik txikiena aplikatzea.
  • DSBEari dagokionez, ELAk gogoratu nahi du indarrean dagoen legeak -2008an Eusko Legebiltzarrean onartu zenak- dioena: DSBEaren zenbatekoa pertsona bakarrarentzat Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %88 dela. Pentsiodunen kasuan, LGSaren %100. 2012tik hona Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz muzin egiten dio orduan Legebiltzarrean onartutako legeari, aurrekontuetan ezarritako zenbatekoak askoz apalagoak baitira. 2019an DSBEaren zenbatekoa 903 euro izan beharko litzateke (1.050 pentsiodunentzat); horren ordez, Eusko Jaurlaritzak DSBEaren zenbatekoa %30 murriztu nahi du, legean ezarrita dagoenarekiko. Ezin da inola ere onartu gizarteko kiderik ahulenen eskubideei egiten zaien eraso hau.
  • Hezkuntzari dagokionez, aurrekontu-proiektuan diru gutxi aurreikusten zen, eta horrek eragiten du eskoletara doan gastu publikoan -aberastasunaren zatiari dagokionez- Europako azken postuetan egotea. Aurrekontu-proiektuak defizit hori areagotu egiten zuen. Hezkuntzako kontzertuak gehitzeko erabakia hartuko balitz, egoera hori sendotuko litzateke, baita okertu ere, izan ere, eskola publikoetarako baliabideei ez baitzaie aurrekontuetako igoera urri hori ere aplikatuko.

Horrenbestez, ELAk uste du Eusko Jaurlaritzak pasarazi nahi duen legeak azken urteetako murrizketak tinkatzen dituela soldatetan, DSBEan eta hezkuntzarako baliabideetan. Horregatik, ez da harritzekoa honetarako aliatua PP izatea. ELAk dei egiten die indar progresistei:

  • Aurrekontuak eta murrizte politika neoliberal hauek dakartzaten legeak arbuia ditzaten.
  • Jar ditzatela mahai gainean proposamen alternatiboak, esaterako, arlo publikoko soldaten eros-ahalmena berreskuratzea edota Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobrezia eta gizarte bazterkeria borrokatzeko bultzatu duen HELari babesa ematea.
  • Gastu-araua bazter dezaten eta proposa dezaten zerga-politikaren goitik beherako aldaketa: diru-bilketa gehitu behar da iruzur fiskalaren jazarpenaren bidez eta errenta altuei, enpresei eta kapitalei egin zaizkien zerga jaitsierak bertan behera utzita.

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.