2020-01-27 13:26
Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 30ean deitutako Greba Orokorreko gutxieneko zerbitzuak jakinarazi ditu. Jaurlaritzak grebaren arrakasta ezkutuan uzteko milaka langileri gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkie, modu honetan berriz ere gehien sufritzen ari direnen aurka kokatu da.

Urtarrilaren 30erako deituta dagoen lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzeko greba orokorra dela eta, bermatu beharreko zerbitzuei buruzko agindua jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako sailak. Agindu horrek langileon greba eskubidea guztiz urratzen du gehiegizko zerbitzuak ezarriz. Grebaren deitzaileok erabat arbuiatzen dugu dekretu hau eta agindua bertan behera uzteko exijitzen diogu Jaurlaritzari.

Eusko Jaurlaritzak argi utzi zuen publikoki langileen aldeko Greba Orokorrean parte hartuko ez zuela. Erosoago daude patronalarekin eta estatuko gobernuarekin lerrokatuta, gure herrian ditugun miseriazko pentsioak, lan prekarietatea eta pobreziaren aurrean ostrukarena egiten.

Publikoki esan zuten grebarekin bat ez zetozela, baina ez dute nahi izan ezta greba deitzera eraman gaituzten arrazoiei buruz Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin biltzea. Oraingoan beste pauso bat eman dute. Eusko Jaurlaritzak ukatu egin nahi digu pentsiodunoi, langileoi, gazteoi edo emakumeoi, langile klaseari orohar, gure aldarrikapenak kalean defendatu ahal izatea eta, horregatik, greba ahuldu nahian gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte.

Bereziki lotsagarria iruditzen zaigu emakumeen greba eskubidearen aurka hartu duten jokabidea, gutxieneko zerbitzuak bereziki altuak dira zaintza esparruetan, osasun arloan edo hezkuntzan.

Milaka enpresetan asanbladak egiten ari dira eta milaka dira jada grebarekin bat egitea erabaki duten langileak, adibidez CAFen. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoen bitartez argazki hau ezkutuan mantendu nahi du, baina ez du lortuko. Gehiegikeriak gehiegikeria langileok gure indarra erakutsiko dugu beste eragile batzuekin batera lan, pentsio eta bizitza duin batzuen alde. Urtarrilaren 30ean bizitza erdigunean kokatzen duten politiken alde kaleak lepo beteko ditugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.