2019-05-08 17:49
ELAk askotan salatu izan du Eusko Jaurlaritzak ez dituela Itzarrirako ekarpenak osorik egiten, horretarako oztopo legalik ez dagoen arren; Itzarri Eusko Jaurlaritzako eta beronen erakunde autonomoetako (Osakidetza, hezkuntza, Ertzaintza, EITB, etab.) langileen enpleguko BGAEa da.

Beraz, Jaurlaritzak behin eta berriz eta alde bakarreko erabakiz urratzen du bere langileekin hainbat akordio eta lan hitzarmenetan hartutako konpromisoa: Urtero Itzarrira soldata-masaren %3ko ekarpena egitea.

ITZARRIren urteko batzarrean Eusko Jaurlaritzak bereari eutsio dio, hots, ez ditu ekarpenak osorik egingo, eta ez dauka inolako asmorik 2013tik aurrera langileei Lan Hitzarmenaren edota akordio arautzailearen arabera zegokiena itzultzeko. Jarrera honekin agerian utzi du ez daukala ezarritako murrizketen ondorioak konpontzeko borondaterik eta diru publikoa aurreztu nahi duela bere langileen bizkarretik.

Jaularitzak erabaki du aurten Itzarrirako %1eko ekarpena egitea; alde bakarreko erabakiz, eta nahi duelako, hori izango da 2019an ordainduko duen zenbatekoa.

ELAk batzarrean adierazi du “oraingoan ere Eusko Jaurlaritzak alde bakarreko erabakiak hartzen ditu, negoziazio kolektiboaren baitan hartutako betekizunak alde batera utzita, langile publikoen eskubideak gutxietsi eta bere jarrera antidemokratikoa agerian utzi du”.

Jaurlaritzak ezin du langile publikoen diruaz baliatu aurrekontua orekatzeko edota beste lehentasun politiko batzuk betetzeko. Ekarpena egin daitekeela aitortu eta osorik ez egitean negoziazio kolektiboko betebeharrak urratzeaz gainera bereak ez diren baliabide ekonomiko batzuk erabiltzen ari da.

ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio ekarpenak osorik egin ditzala eta 2013tik hona zorretan dauden zenbatekoak kita ditzala.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.