2020-05-06 15:23
Eusko Jaurlaritzak osasuna bermatzeko eta pertsonak zaintzeko babes sozial zabala bermatzeko lan egin dezala eskatu du ELAk, eta horretarako elkarrizketarako borondatea azaldu du; Jaurlaritzak neurri guztiak bere kabuz inposatu ditu,

ELA Eusko Jaurlaritzarek deitutako “Krisi Mahaian” egon da. Aurreko bilera martxoaren 26an izan zen, eta ordutik Urkulluren Gobernuak ez du elkarrizketarako biderik ireki nahi izan, ezta sindikatuen ekarpenak eztabaidatzeko aukerarik eman ere.

Euskal erakundeek ordutik hartu dituzten neurri guzti-guztiak inposatu dituzte: enpresak irekitzeko protokoloa ezarri zuten; ikasgeletara itzultzea edo Administrazio Autonomikoa lanera itzultzea kontrastatu ere ez dute egin; Osakidetzan ez dira sindikatuekin bildu martxoaren 18tik, eta Aldundiek ez diete martxotik erantzun egoitzetako osasun-larrialdiari aurre egiteko bilera-eskaerei.

ELAk lehendakariari eskatu dio iritzia eman dezala zerbitzu publikoetan EAJko kideek murrizketak egiteko eskaerari buruz. Lehendakariak ez du erantzun. Era berean, ELAk bultzada handia eskatu du Eusko Jaurlaritzaren aldetik, sortu diren beharrei benetako erantzuna emango dien gizarte-prestazioen sistema zabal bat ezartzeko.

Azkenik, ELAk elkarrizketarako eta negoziaziorako prest dagoela adierazi du eta horretarako entzutea ezinbestekoa da. ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzaren politika orokorrak kritikatzeak ez du eragotzi behar eremu jakin batzuetan akordioak lortzea, baldin eta akordio horiek eduki errealak badituzte eta abian jarri ahal izateko baliabideak badaude.

ELAren eskaerek ez dute erantzunik jaso, eta beste behin ere erakutsi dute bileraren helburu bakarra izapide formal bat betetzea izan dela, elkarrizketarako inongo asmorik gabe. Eusko Jaurlaritzak ezin du Madrilen aginte bakarrik ez aplikatzea eskatu eta bere erantzukizun-eremuetan gauza bera egitea. Etorkizunean izango ditugun erronkek benetako elkarrizketa eta kontrastea behar dute, eta, horretarako, beharrezkoa da jarrera demokratikoa eta entzuteko jarrera izatea.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.