2020-10-12 11:13
ELAk salatu duenez, Next Generation Plana gauzatzeko ezinbestekoa da aurrekontu-egonkortasuna, pentsioak murriztea eta enplegua gero eta prekarioagoa bilakatzea

Europar Batzordeak irailean aurkeztu zuen bere Next Generation programa: 672.500 milioi euro jarriko ditu (360.000 milioi mailegutan eta 312.500, itzuli behar ez diren transferentzia moduan). Espainiar Estatuari emango zaizkion transferentzia gehienak (72.000 millones de euros) mekanismo horren bidez iritsiko dira.  

Haatik, funtsak jasotzeko baldintza ugari bete beharra dago:

1) Funtsen norakoa. Estatuak ezin dituzte osasungintzara, hezkuntzara edota gizarte-prestazioetara bideratu. Europar Batzordeak 7 arlo zehaztu ditu, zeintzuetan inbertitu behar den: %57 digitalizaziora eta Itun Berde europarraren politiketara joango dira (izenez “berde” izanagatik ere, itunak ez du eredu ekonomikoaren eraldaketa sozial eta ekologikorik eragingo). Onuradunak enpresa handiak eta multinazionalak izango dira. Baina ez proiektu berriak egiteko, baizik eta dagoeneko martxan edo hastear daudenak finantziatzeko.

Logika horren baitan kokatu behar da Eusko Jaurlaritzak Madrilera bidali duen proiektuen zerrenda. Urkulluk europar funtsetatik 10.228 euro lortu nahi ditu guztira 2020-2024 epealdian. Horien artean, AHTaren hainbat lan (2.712 milioi) eta enpresa handien proiektuak, esaterako Iberdrola edo Petronor (2.000 milioi). Bizi dugun egoera larri honetan ezin da onartu baliabide publikoak egitasmo pribatuetara bideratzea eta trantsizio ekologiko eta justuarekin zerikusirik ez duten ereduak sustatzea.

2) Funtsak eskatzen dituzten herrialdeek egin beharreko erreformak.
Aurrekontu-Egonkortasun Ituna 2021ean etenik egongo da, baina proiektuek aintzat hartu behar dituzte Europar Seihilekoaren 2019ko eta 2020ko gomendioak. Horrek esan nahi du espainiar Estatuak pentsio-sistemaren eta lan merkatuaren sostenguari “eutsi” behar diola eta zerga-politikak garatu epe ertainean aurrekontu orekatuak iristeko; beti ere zerbitzu publikoen murrizketa gogoan.

3) Planak egiteko konplexutasuna. Helburu konkretuak ezarri behar dira, baita zorrotz bete beharreko mugarri tenporalak ere. Hori bete ezean funtsak itzultzera derrigor dezakete estatu bat, eta hau kolpe gogorra litzateke.

ELAren ustez funts hauen atzean dagoen logika da zalantzan  jarri beharrekoa; ezin da ontzat eman baldintza izatea erreforma eta aurrekontu-politika austerizidei eutsi beharra. Eredu aldaketaren alde gauden sindikatuok, erakunde sozial eta politikook, logika hori goitik behera arbuiatu behar dugu. Aldarrikatu behar da baldintzak kentzea eta funtsen banaketarako lehentasunak aldatzea. Baina hau ezinezkoa da egungo markoan; beraz, logika horri muzin egin eta funtsik ez da eskatu behar, hauek tranpa baitira gobernuen politikak gutxienez 2026ra arte interbenituta izateko.

Beraz, funts europarrek ez dute konponduko EAEn eta Nafarroan gertatzen den diru-bilketaren jaitsiera. Horregatik, zerga-erreforma bati ekin behar zaio sarrerak hobetzeko; enpresen etekin, kapital eta ondarearen gaineko zergak gehiago ordaindu behra dute, ELAk joan den maiatzean plazaratu zuen proposamenaren harira.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.