ELAk ziurtatu du koronabirusaren krisi betean Eusko Jaurlaritzak etxebizitza alokatzeko onartutako laguntzek ez dutela beren helburua betetzen, hau da, ez dituztela babesten koronabirusaren krisiaren aurretik ere etxebizitza arloan zaurgarriak ziren pertsonak, ezta krisi honen ondorioz gaur egun egoera ahulenetan daudenak ere.
Sindikatuaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak berriro ere barregarriak diren laguntza ekonomikoak ematen ditu kolektibo zaurgarrienen premia-egoerak asetzeko (emakumeak, guraso bakarreko familiak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak, gazteak, migratzaileak, etxegabeak, langabeak, etab.)". Salatu du, beste behin ere, agerian geratzen dela arlo horretan ez dagoela politika erreal eta eraginkorrik. "Etxebizitzaren Legea onartu zenetik bost urte igaro direnean, etxebizitza duin bat izateko eskubidea ez dago bermatuta".
ELAk berretsi du etxebizitzaren arloan gertatutakoa Eusko Jaurlaritzak COVID-19ren kudeaketari dagokionez egiten duenaren adibide bat gehiago dela. "Gai guztietan, Lehendakaritzak erabakiak hartzen ditu inplikatutako aldeek egindako ekarpen bakar bat ere kontsultatu eta kontuan hartu gabe".
Â